'Naturaren sekretua' dokumentala eta Etxenikerekin solasaldia Debako Kultur Elkartean

Izaro Aulestiarte Lete

Arg.: Paula Arbide

Urriaren 15ean, ostegunez, egingo dute saioa, 11:00etan; sarrera librea izango du.

Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak ekoitzitako eta Jose Antonio Perez Ledok zuzendutako Naturaren sekretua dokumentala proiektatuko dute urriaren 15ean, 11:00etan, Debako Kultur Elkartean. Emanaldiaren ondoren, gainera, hizketaldia egingo dute lanaren protagonista Pedro Miguel Etxenikerekin.

Etxenikeren bizitzari eta ibilbide profesionalari errepasoa egiten dio, hain zuzen, 55 minutu irauten duen ikus-entzunezkoak; EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun ohiak eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidenteak zientziaren inguruan egindako hausnarketak azaltzen dizkio ikusleari, zientzia zer den eta zertan datzan hausnartuz. 

Iker Badiola EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak aurkeztuko du lana, eta ondorengo solasaldirako abiapuntu izango da; bertan, Etxenikerekin batera, Arbil elkarteko kide Pako Salegi ere ariko da. 

Debako Arbil elkarteak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Donostia International Physics Centerrek antolatu dute ekitaldia, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzarekin.