Debako Kultur Elkarteak Jon Plazaolaren AA Aita umorezko bakarrizketa hartuko du azaroaren 6an, ostiralez. Emanaldia 20:00etan izango da eta hura ikusteko sarrerak datorren asteazkenean, urriaren 21ean, jarriko dituzte salgai, 17:00etatik 20:00etara, Kultur Elkartean bertan. Antolatzaileek azaldu bezala, gehienetan Internet bidez saltzen dituzte ikuskizunetarako sarrerak, baina zuzeneko salmenta egingo dute oraingoan, bertoko ikusleei lehentasuna emateko helburuz. Zortzi euroan erosi ahal izango da txartel bakoitza eta, gehienez, bi sarrera eskuratu ahal izango dira pertsonako.
Umorea eta komedia ardatz hartuta, aktore urretxuarrak aitatasuna du hizpide AA Aita ikuskizunean. Aurreko lanen arrakastaren ondoren, honako honetan ere esperientzia pertsonalak baliatzen ditu Plazaolak, "patetismoa eta ergelkeria, propioa zein giza izaerari dagokiona, aztertzeko".