Jardunaldia 10:30ean hasiko da, txistularien kalejirarekin; ondoren, 11:00etatik 14:00etara bitartean, egingo dute ekimena. Ateri badago, postuak Plaza Zaharrean ipiniko dituzte; bestela, pasealeku estalira lekualdatuko dituzte.
Lankidetzaren eta elkartasunaren arloan diharduten zortzi erakundek hartuko dute parte azokan: SMH (Salvamento Maritimo Humanitario), Zaporeak, Lumaltik, Kooperazio Taldea, El Salvador Elkartasuna, Deba-Palestina Herri Ekimena, ICLI (Lankidetzarako Ingeniaritza) eta Juan Bonal Fundazioa. Azaldu dutenez, bertaratzen diren herritarrek aukera zuzena izango dute erakunde horien xedeak bertatik bertara ezagutzeko eta munduan zehar bultzatzen ari diren laguntza-proiektuen berri jasotzeko.
Proiekzioa ere bai
Egitarauak igandean (urriak 18) izango du jarraipena, Todo lo que fuimos filmaren emanaldiarekin; 19:00etan izango da hitzordua, Kultur Elkartean. Ikus-entzunezko horrek familia baten hiru belaunalditako historia jarraitzen du 1948tik gaur egunera arte, Palestinako gatazka eta belaunaldiz belaunaldiko bizi-esperientziak ardatz hartuta.