Udazkeneko kultur agendan protagonismo berezia izango du aurten ere, hirugarren aldiz, Deban Arimen Gaua ospatzeko antolatu duten egitarau bateratuak. Igande honetan (urriak 18) hasiko dira jarduerak, eta azaroaren 1ean amaituko dira; tartean, besteak beste, ipuin kontaketa saio berezia, dokumental emanaldia, apaingarriak sortzeko eskulan tailerrak, bi hitzaldi, Death Cafe saioa, haurrentzako ginkana, gazteei zuzendutako Beldurraren etxea nahiz ikuskizunak izango dira aukeran.
Adin askotariko herritarrei zuzendutako hamalau ekintza izango dira orotara, euskaraz guztiak, hamar egunetan banatuta. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimen nagusia urriaren 31n egingo dute aurten ere, eta, aurreratu dutenez, "kalejira, musika, dantzak, beldurren erretzea eta beste hainbat sorpresa" egongo dira egun horretan. Nolanahi ere, aurrerago aurkeztuko dute egun horretarako ontzen diharduten programazioa.
Elkarlana oinarri
Talde eragilearen esanetan, aurten ere bide onetik doaz "herriak herriarentzat" egindako ekimena prestatzeko aurrelanak. Horren erakusgarri da, hain zuzen, aste honetan aurkeztu duten egitaraua bera, herritar eta talde ugariren elkarlanaren fruitu baita.
Besteak beste, Debako Kontalariak, Kultur Elkartea, Zubi Guraso Elkartea, Gaztelekua, Altxa Burua Deba-Itziar taldea, Kulunka, Gure Kai, Kalean Kantuz, Kalez Kale txistulari taldea, Goaz Antzerki Taldea, Zuhatza-Kolore Anitz eta Death Cafe ekimeneko kideak batu dira egitasmora, eta Debako Udalaren babesa ere badute.
Aurreko bi urteetan egindakotik abiatuta, Arimen Gauaren bueltan antolatutako jardueretan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Helburua argi dute: "Ekimen irekia izatea nahi dugu eta aurten ere saiatu gara egitarau zabala prestatzen, adin eta gustu askotariko jendearengana iristeko. Iaz, lehenengo urtean baino jende gehiago aritu zen ekintza guztietan, baita urriaren 31ko ekitaldi nagusian ere, eta gustura gelditu ginen herritarrek emandako erantzunarekin. Bide horretan segi nahi dugu hirugarren aldi honetan ere, kontsumismoa alde batera utzi eta, irudimena eta sormena baliatuz, era jasangarrian antolatutako Arimen Gaua komunitate osoaren festa izan dadin".
EGITARAUA
Hona hemen tokiko hamaika eragilek eta norbanakok datozen asteotara begira elkarlanean ondu duten egitarau herrikoia:
- Urriak 18, igandea
- 17:30. Ipuin kontaketa saioa, Debako Kontalarien ekimenez, Agirre jauregiko Ispiluen gelan.
- Urriak 20, asteartea
- 18:30. Aitatxo dokumentalaren proiekzioa eta ondorengo solasaldia Anakotz Lasarte ikus-entzunezkoaren zuzendariarekin, Kultur Elkartean.
- Urriak 21, asteazkena
- 18:00. Birziklatu eta sortu apaingarriak sortzeko eskulan tailerra –umeei laguntzeko eta tailerrean parte hartzeko eskatu diete antolatzaileek gurasoei–, Kultur Elkarteko liburutegian.
- Urriak 22, osteguna
- 18:30. Heriotza haurrekin. Bizitzaz eta heriotzaz maitasunez hitzaldia, Naroa Martinez irakasle eta psikopedagogoaren eskutik, Kultur Elkartean.
- Urriak 27, asteartea
- 18:00. Birziklatu eta sortu Arimen Gauerako apaingarriak sortzeko eskulan tailerra –umeei laguntzeko eta tailerrean parte hartzeko eskatu diete antolatzaileek gurasoei–, Kultur Elkarteko liburutegian.
- Urriak 28, asteazkena
- 17:00. Arimen sukaldea, gaztelekuan.
- 18:30. Hil arte bizi! hitzaldia, Nere Erkiaga tanatologoaren eta Hil Arte Bizi proiektuaren sortzailearen eskutik, Kultur Elkartean.
- Urriak 29, asteartea
- 18:00. Death Cafe saioa, heriotzaz hitz egiteko espazio segurua, Kultur Elkarteko liburutegian. Parte hartzeko izena eman behar da aurrez, 678 36 10 93 telefonoan.
- Urriak 30, ostirala
- 17:30. Haurrei zuzendutako ginkana, Zuhatza-Kolore Anitz taldearen ekimenez, udaletxe azpiko arkupeetan. Parte hartzeko izena eman behar da aurrez, ikastetxean nahiz Internet bidez.
- 21:00. Ikuskizuna: Psycho Clown –piroteknia, perkusioa eta antzerkia–, herriko kaleetan zehar. Sarrera, doan.
- Urriak 31, larunbata
- 11:00. Beldurraren etxea, gaztelekuan.
- Arratsaldean. Arimen Gaueko ekimen nagusia: tailerrak, kalejira, beldurren erretzea, kantak, dantzaldia... herriko hainbat gunetan. Egitarau osoa aurrerago aurkeztuko dute.
- Azaroak 1, igandea
- 11:00. Beldurraren etxea, gaztelekuan.
- 18:30. Film emanaldia, gaztelekuan.