Biziaren zuhaitzak, jaio eta hazi ahala, oroitzapen eta bizipen guztiak hostoetan gordetzen ditu, liburu batean bezala. Urtez urte, udaberriko argiarekin esnatzen da, adar berdeetan kimu berriak ateratzen ditu eta gorantz hazten da, bikain eta oparo. Zuhaitza hostoz hosto estaltzen da, eta hosto horiek oharrez, pasadizoz, pozez eta maitasunez betetzen joaten dira. Seme-alaben, biloben eta adiskideen jaiotzea ere adierazten dute, baita betiko joan zaizkigun adiskide eta senideen galerak eragindako tristura ere. Azken finean, une on eta txarrez beteriko bizitza baten lekuko dira.
Udan, bere adaburu oparoak gerizpe atsegina eskaintzen digu, oroitzapenez eta oroitzapen gehiagoz betea. Zuhaitza bere hostoak berriro irakurtzen aritzen da, eta haren gerizpean esertzen bagara, bere bizipenak eta pentsamenduak partekatzen ditu gurekin. Ikasteko eta hausnartzeko leku ezin hobea da.
Udazkena iristean, enborra loditu egiten zaio, eta eraztun berri bat sortzen da; eraztun horiek bizitzaren historia eta azken urteko bilakaera jasotzen duten pergaminoak balira bezala pilatzen dira. Eta negua datorrenean, loaldi gozo batean murgiltzen da zuhaitza, udaberriko lehen eguzki-printzak iritsi arte atseden hartzeko. Udaberria heltzearekin batera esnatzen da, eta pergaminoak berrirakurtzen ditu, hosto-berritzeari ekiten dion bitartean.
Urteak igaro ahala, udaberria heltzean, zuhaitza ez da hostoetan oharrak idazteaz gogoratzen. Bere adaburuan hosto gutxi daude, eta hitz gutxi idatzita. Eraztunen artean oroitzapenak bilatzen saiatzen da, eta pergamino zaharrak berriro irakurtzen ditu nor den jakiteko; baina gero eta indar gutxiago du bere barnera begiratzeko. Pergaminoak nahasita daude eta zuhaitza noraezean dabil.
Uda iristen da, eta hosto eta burutapen gutxi ditu; gerizpea ere txikia da. Haren hosto urriak eta hitz gutxiak irakurri ditut. Garai bateko haren itzala faltan botatzen dut; baina, hala ere, haren alboan eserita jarraitzen dut, nire zuhaitz kutunena delako. Hostoak urriak badira ere, elkarrekin berrirakurtzen ditugu, eta falta zaizkion hitzak eransten dizkiot. Badakit entzuten nauela, eta haren gerizpean irakurtzen jarraitzen dudan bitartean, haren oroimenak bizirik dirauela. Orain, ni naiz haren pergaminoetan arakatzen duena, eta batzuetan, berriro irakurtzen ditudanean, haren adarretako bat mugitzen da, oraindik pentsamenduren bat idazten saiatuko balitz bezala.
(Alzheimerraren bilakaerari buruzko metafora, Oyakudachi-k izenburu berarekin egindako lanean oinarrituta)