Ugaitz Zenarrutzabeitia eta Bitor Garitaonandia surflari debarrek emaitza onak lortu dituzte, nork bere mailan

Nerea Bedialauneta Alkorta

Gipuzkoako txapela jantzi du Zenarrutzabeitiak; Razon final-laurdenetara iritsi da Garitaonandia.

Ugaitz Zenarrutzabeitia eta Bitor Garitaonandia surflari debarrak protagonista izan ziren joan den astean parte hartu zuten txapelketetan. Nork bere mailan, emaitza oso onak lortu zituzten. 

Zenarrutzabeitiak, esaterako, urriaren 17an eta 18an Zarauzko uretan jokatu zen Gipuzkoako Surf eta Bodyboard Txapelketan parte hartu zuen, eta surfeko bi kategoriatan igo zen podiumera: 18 urtez azpiko gizonezkoetan txapela jantzi zuen eta open kategorian, berriz, bigarren geratu zen. 

Pozik dago lortutako emaitzekin eta egindako lan onarekin: "Olatu nahiko eskasak egon ziren, oro har, handiak eta nahasiak. Hala ere, beste txapelketa batzuetan egin dudan parte hartzearekin alderatuta, olatu gehiago hartzen saiatu nintzen, eta, horri esker, nire txandetan aurrera egiteko nahikoa puntu eskuratzeko aukera izan nuen". 

Bosgarren postua

Garitaonandiak, berriz, bosgarren postua eskuratu zuen urriaren 15etik 18ra Razoko hondartzan (Carballo, Coruña) jokatu zen Edommo Surf Pro Razo 2026 txapelketan; Word Surf Leagueko Qualifying Series 2000 zirkuituko azken hitzordu hartan final-laurdenetara iristea lortu zuen.

Azken hiru urteetan final-laurdenetara iritsi gabe geratu ondoren, emaitzak "ilusio handia" egin diola nabarmendu du: "Badira bi urte ez nuela irabazten txanda bat Europako zirkuitu honetan, eta horietako bi irabazteak eta beste batean bigarren amaitzeak garaipenak besteko ilusioa egin dit". 

Azaldu duenez, azken bi urteak "nahiko konplikatuak" izan dira, tarte horretan izan dituen lesio zein arazo fisiko eta bestelakoengatik, baina, horiek gainditu ostean, une ona bizitzen ari dela aitortu du: "Asko kostatu zait lehen nuen mailara eta errendimendu ona izatera iristea, eta bosgarren postu honek konfiantza eta indar handia eman dit bide onetik jarraitzeko".