'Sekreturik ez' magia ikuskizuna eta 'Izena duen guztia' antzezlana, Ispiluen gelan

Izaro Aulestiarte Lete

Arg.: Oneka Tirado /Asier Kidam Instagram

Gaur (urriak 23) eta etzi (urriak 25) izango dira 'Ispilu(h)ari' programaren baitako lehenbiziko ekitaldiak.

Debako Udalak asteburu honetan emango dio hasiera Ispilu(h)ari kultur egitasmoaren bigarren edizioari, proposamen bikoitzarekin: publiko gazte eta helduari zuzendutako magia saioa, batetik, eta haurrentzako antzezlana, bestetik. Agirre jauregiko Ispiluen gelan egingo dira ekitaldiak, gaur (urriak 23) eta etzi (urriak 25), hurrenez hurren, doan. 

Programazioari ekiteko, gaur, 20:00etan, Asier Kidamek (Gasteiz, 1984) Sekreturik ez taularatuko du, helduentzat propio sortu duen ikuskizun berria. Magoaren esanetan, "parte hartzea, harridura eta umore fina ziurtaturik" daude; saioan, publikoak "magiaren joko klasiko erabat berrituak eta gaurdaino sekula ikusi ez ditugunak aldi berean" gozatuko dituela aurreratu du.

Bestelakoa izango da etziko, iganderako, iragarri duten antzerkia, Maite Ortegaren Izena duen guztia. Haurrei zuzendutako lanak identitatea, askatasuna eta aniztasuna lantzen ditu, metafora poetiko baten bidez. Baso batean girotuta dago, non izena, kolorea eta izateko modu bakarra ezartzen diren, eta istorioak galdera bat zabaltzen du: zer gertatzen da bere burua libreki izan nahi duenarekin?, dio sinopsiak. 17:30ean hasiko da ikuskizuna.

Sei ekitaldi abendura bitartean 

Asteburu honetako bi ekitaldiez gain, beste lau proposamen izango dira aukeran abendura bitartean; ipuin-kontaketa, musika, antzerkia eta txotxongiloak izango dira protagonista. 

Udalak azaldu du bi ildotan banatu dutela udazkeneko kultur eskaintza ere, publikoaren adinaren arabera bereizita: Ispilu(h)ari Handiak, 12 urtetik gorakoentzat eta Ispilu(h)ari Txikiak 12 urtez azpikoentzat.

Baina berritasunik ere izango da oraingoan, helduei zuzendutako ekitaldi guztiak ostiral iluntzetan egingo baitira, eta ez larunbat arratsaldeetan, lehen edizioan bezala. "Aldaketa horren bidez, herriko kultur programazioarekin koordinazioa indartu nahi da, Kultur Elkarteak antolatzen dituen ekitaldiak ere kontuan hartuta, eta ostirala helduentzako kultur hitzorduen erreferentziazko egun gisa sendotu", azaldu du Udalak. Haurrei zuzendutako saioak, aldiz, igande arratsaldeetan izango dira, orain arte bezala.

Azaroaren 13an, 80 amandre izango da ikusgai, eta hilaren 15ean, Erresinolaren kantua.