ELKARRIZKETA

Nere Erkiaga: "Heriotzaz jardutea bizitzaz jardutea da, eta asko dugu ikasteko eta hobetzeko"

Izaro Aulestiarte Lete

Nere Erkiaga tanatologoa eta Hil Arte Bizi proiektuaren sortzailea. Arg.: Lagatakoa.

'Hil arte bizi' hitzaldia egingo du Nere Erkiagak Kultur Elkartean; hilaren 28an izango da, 18:30ean.

Nere Erkiagak (Lekeitio, 1973) uste du heriotza modu sanoagoan bizi daitekeela, eta erronka horrekin dihardu lanean Hil Arte Bizi proiektuan, herritarrak nahiz komunitateak heriotzaren aurrean ahalduntzeko asmoz. Berbaldia egingo du Deban urriaren 28an, 18:30ean, Arimen Gauaren bueltako ekitaldien baitan.

Zertan datza Hil Arte Bizi egitasmoa?
2022an jarri nuen martxan, herritarrak eta komunitateak –udala, auzoa, eskola, zahar etxea...– heriotzaren aurrean ahalduntzeko asmoz. Parte-hartze metodologiak ditu oinarrian, taldean eta bakarka egindako gogoetak, eta tailerrak, parte-hartze prozesuak, hitzaldiak eta bestelako ekintzak eskaintzen ditut.

Zer helbururekin jaio zen proiektua?
Herritar gisa heriotzaren aurrean hainbat arlotan ditugun eskubideak ezagutarazi eta erabakitzeko ahalmena aktibatzen laguntzeko helburua du; hobeto bizitzea da helburua. Eta komunitate mailan, heriotzaren inguruan zer erantzukizun ditugun ikusi eta komunitate kideen bizitza nola hobetu ikustea. Heriotzaz jardutea bizitzaz jardutea baita, eta asko dugu ikasteko eta hobetzeko.

Nolatan murgildu zinen zu zeu heriotzaren inguruko lanetan?
Gure gizartean heriotza tabu handi bat da, eta ni horren parte nintzen. Zerbaitetan espezialista banaiz, beldurrean da. Eta bizitzako kontuengatik ikusi nuen beldur gehiena eraikitakoa zela, gizarteak asmatutakoa, eta hori deseraiki egin daitekeela. Bizitza lasaiago bizitzeko, geure burua hobeto zaintzeko, eta ingurukoak doluan edo heriotzaren aurrean daudenean ere ondoan egoteko ahalmena berreskuratu dezakegula ikusi nuen. Pertsonok berezko ahalmena dugula heriotzaren aurrean kokatzeko, baina gizartean dugun tabuak pertsona bezala kamustuta uzten gaituela. Eta horrela hasi nintzen heriotzaren inguruko formazioa jasotzen; La Lagunako unibertsitatean Tanatologiako masterra egin nuen, hilurrean daudenei laguntzeko ikastaroak, heriotzaren pedagogiaren ingurukoak, eutanasia legeari buruzkoak eta abar.

"Ikusi nuen beldur gehiena eraikitakoa zela, gizarteak asmatutakoa, eta hori deseraiki daitekeela"

Zergatik beldur hori heriotzari?
Hiru beldur mota daudela uste dut. Batetik, beldur naturala dago, berezkoa: ezezagunari, agur esan beharrari... baina horrek funtzio garrantzitsua du, nire ustez, bizitza batzuetan gogorra baita eta bizipoza ahuldu zaigunean sarritan heriotzari diogun beldur horrek bizitza honetatik ez desapuntatzen lagundu diezagukeelako. Beste beldur bat traumatikoa da, zerbait gogorra gertatu zaigulako eta horrek heriotzari beldur patologikoa izatea sortu digulako; hori desagerrarazteko psikologoen laguntza beharko genuke, eta metodologia oso-oso eraginkorrak daude doluan eta heriotzaren inguruko blokeoekin laguntzeko. Eta azkena gizarteak eraikitako beldurra da. Mendeetan Euskal Herrian erlijioa katolikoa izan da, eta erlijioek, berez,bizitzan eta heriotzaren aurrean kokatzen laguntzen dute, baina Elizak bekatu, infernu, deabru, arima erratu eta beste hainbat konturekin beldur izugarriak ere sortu ditu. Gaur egun, horretatik libre gaudela esan dezakegu, baina ikus-entzunezkoen gizarte honetan pantailetatik jasotzen dugu beldurra, bai albistegietako heriotza bortitzekin –heriotzaren pornografia ere jasotzen dugula esan dezakegu, bortitza edo dramatikoa–, bai bideojoko, zinema edo bestelako ikus-entzunezkoetako bortizkeria, fantasma, zonbi, eta izate beldurgarriekin... 

Eta hortik edaten dugu egunero...
Bai, egunero, eta hori da gure heriotzaren pedagogia. Heriotza normal baten berririk ez dugu ia jasotzen. Nola kokatuko gara, ba, normal heriotzaren aurrean horrelako heziketarekin?

Erraza al da gaiari buruz hitz egitea?
Behin hasiz gero, bai, baina hastea bera... Zabalduta dugu, nahiz eta ez onartu kontzienteki, heriotzaz hitz egiteak heriotza erakarriko duela. Tontakeria ematen du, baina geure buruarekin zintzoak izanda, sarri aurkituko dugu pentsamendu hori. Heriotzari buruzko edozein gai atera eta beti agertuko da norbait gaia aldatu nahi duena. Ezin dugu elkarrekin ikasi. Eta bizitzako edozein gaitan bezala, heriotzaren inguruan ikasi beharreko pila bat gauza daude, gure onerako. Baina behin taldea osatu, giro lasaia sortu eta ezagutzak eskaintzen hasitakoan, dena erraz egiten da. Eta elkarrekin partekatzeko aukera izanez gero, esperientzia guztiz aberatsa bihurtzen da. Hori da lau urte hauetan bizi izan dudana eta egitasmoarekin aurrera jarraitzeko indarra ematen didana.

"Pertsonok heriotzaren aurrean kokatzeko berezko baliabideak ditugula sinesten dut"

Sinetsita zaude heriotza kultur edo gizarte mailan modu sanoagoan bizi daitekeela…
Guztiz. Pertsonok heriotzaren aurrean kokatzeko berezko baliabideak ditugula sinesten dut, eta baliabide horiek kamustuta ditugula eta, aktibatuz gero, dena hobeto egin dezakegula. Gaur egun edozein arlotara begiratu, izan eskola, osasungintza, zahar etxeak... eta tabuak sortzen duen ezezagutza dago nonahi. Eta ezezagutza horrek heriotzak sortzen duen minari, nahi gabe, min gehiago eransten dio. Heriotzaren gai zentrala maitasuna da. Heriotzak sortuko digun mina maitasunaren ordaina da. Horri begira hasi eta ikasi beharreko guztiak ikasten hasiz gero, erraza da kultura eraldatzea. Gutxi-gutxi eginda ere, eraldaketa handia sortu dezakegu.

 

Zertan datza, zehazki, Deban egingo duzun hitzaldia?
Herritar bezala heriotzaren aurrean ditugun eskubideei eta erabakitzeko ahalmenari buruzko begiratu orokorra ematen ahaleginduko naiz: testamentua eta notariotzan egin daitezkeen dokumentuak, bizitza digitala, gorpua bideratzeko aukerak, agurra egitekoak, osasungintzan ditugun eskubideak... eta heriotzak ematen digun ahalmenari buruz ere hitz egingo dugu. Herri mailan dauden gaien inguruan gainetik jardungo dugu, baina, batez ere, herritar bezala ditugun eskubide eta aukeretan zentratuko gara.

Doluan daudenentzat ez da egokia?
Doluan gaudenean beste momentu batean gaude, beste bizipen, zaintza eta ikasketa batzuk izaten ditugu. Hil Arte Bizi egitasmoan, doluan ez gaudenean egin ditzakegun ikasketak lantzen dira.

Zer garrantzi du eskubideez eta erabakimenez informatuta egoteak heriotzaren aurrean prestatzeko?
Gutxieneko jakintzarik gabe, min handia hartu dezakegu, geure buruaren kontrako egoerak sortzen lagundu, eta, besteei begira, maite ditugun pertsona asko abandonatu edo ganoraz laguntzea lortu ez. Dena, ezjakintasunagatik.