Gramo bat izeneko album ilustratua ondu dute Nerea Loiola idazle debarrak eta Maider Leturiaga ilustratzaileak. Markina-Xemeingo Udalak antolatutako Peru Abarka lehiaketa irabazi zuen Loiolak idazlan horrekin, apirilean, eta orain eman du argitara Ereinek, Leturiagaren irudiekin jantzia; azaroaren 6an aurkeztu zuten liburua, Donostian.
Borondatezko abortuaz dihardu albumak: "Zorionez, gero eta errelato gehiago ditugu, baina, aldi berean, oraindik isiltasun asko dago, kontatzen ez diren gauzak daude, edo kontatzeko oso leku txiki eta estuak dituztenak. Isiltasun horietako batera hurbiltzeko saiakera da Gramo bat", laburbildu du idazleak.
Laugarren haurdunaldia etetea erabaki du emakume batek, hiru haurren ama denean, eta istorioak erabaki horren bueltan egingo du bidea, irakurlea aurreko, bitarteko eta ondorengo bizipenetara bideratuz. "Borondatezko aborturako erabaki aske eta propioa da protagonistarena, baina burua eta bihotza ez doaz beti elkarrekin. Dolua pentsatu eta aztertu dut, erruduntasunarekin nahasten denean. Zein min eta zein ez baimendu, zein erabaki baimendu eta zigortu? Hauek izan ditut kontuan idazterakoan", gaineratu du Loiolak.