Juanjo Alcelay omenduko dute, haren izena eramango duen kros batekin

Nerea Bedialauneta Alkorta

Ander Etxabe eta Oscar Bravo, Deba Xtreme Kirol Taldeko kideak, Juan Jose Alcelayren omenezko krosa iragartzen. 

Urtarrilaren 10ean egingo dute lasterketa, 9,5 kilometrokoa; dagoeneko zabalik dago izen-ematea.

Deba Xtreme Kirol Taldearen ekimenez, krosa izango da Deban urtarrilaren 10ean. Oraingo honetan, baina, kirol taldeko kide historiko Juan Jose Alcelayren izena eramango du probak. 

Taldeko ordezkari Ander Etxabek azaldu duenez, abuztuaren 28an zendutako taldekide historikoari aitortza berezia egiteko baliatuko dute aukera. Erantsi duenez, helburua da Alcelayren ibilbidea gogora ekarri eta hark urte luzez kirol taldeari egindako ekarpena eta emandako laguntza aitortzea. 

Haren esanetan, Alcelay pertsona "ordezkaezina" izan zen taldearentzat, eta hori ekarri nahi dute gogora probarekin. "Guretzat galera handia izan da, eta, Deba Xtremen egindako lan hori guztia eskertzeko, zer hoberik haren izenean proba bat egitea baino", adierazi du.

Deba Xtremen sortzaileetako bat izan zen Alcelay, eta urte luzez izan zen taldeko presidente

Hasiera batean, Alcelayren omenez triatloi bat antolatzea aztertzen aritu ziren antolatzaileak, baina, Deban halako hitzordu batek eskatuko lituzkeen baliabide ekonomikoak eta antolakuntza-lanak aintzat hartuta, herri krosaren alde egitea erabaki dute, azkenean.

Erabaki horrek, gainera, taldeko kide ohiak berriro elkartzeko balio izan du, etenda baitzuten jarduna. "Talde bezala, berez, Deba Xtreme Kirol Taldearen jarduna etenda genuen. Urtarrileko herri krosa izan zen talde bezala antolatu genuen azken proba. Baina Juanjo hil zenean, haren omenez zerbait egin beharra ikusi genuen, eta horregatik erabaki genuen berriro elkartzea", zehaztu du Etxabek. 

Dena den, oraingoz, kirol taldearen jarduna Alcelayren omenezko proba antolatzera mugatuko dela argitu dute: "Hasiera batean, gure asmoa proba hori bakarrik antolatzea da". 

"Pisu galanta"

Urretxun jaio arren, Deban bizi zen Alcelay, eta, haren taldekideen hitzetan, "arrasto nabarmena" utzi du bertako kirol arloan. 

Gogoratu dutenez, Deba Xtreme Kirol Taldeko sortzaileetako bat izan zen, eta urte luzez presidente karguan aritu zen: "Juanjo guretzat pertsona oso berezia izan da. Taldean pisu galanta izan du. Hura izan zen taldeko bultzatzaile nagusienetako bat, edo nagusia. Etengabe jardun zuen taldeak antolatutako ekimenak sustatzen eta aurrera eramaten. Horien artean daude herri mailan antolatutako triatloiak, krosak eta urte luzez egin izan den San Silvestre lasterketa". 

Juanjo Alcelay zena, 2025eko San Silvestre lasterketa aurkezten
 

Baina, nabarmendu dutenez, Alcelayren ekarpena ez zen Deba Xtremera mugatu. "Beti lagundu izan du hainbat kiroletan. Gure taldea bultzatzeaz gain, Gipuzkoako Triatloi Federazioan ere jardun zuen lanean. Epaile aritu zen han, eta beste triatloi talde batzuei ere eman zien laguntza. Azkeneko urtean, gainera, Debakayak-eko burua izan da". Haren taldekideek gaineratu dutenez, beti zegoen laguntzeko prest: "Laguntzeko eskatzen zitzaion ekintza guztietan aritzen zen". 

Ibilbidea

Antolatzaileek dagoeneko aurreratu dituzte lasterketaren hainbat xehetasun. Krosa 11:30ean abiatuko da, Aldats pilotalekutik, eta helmuga ere bertan egongo da.

Ibilbidea 9,5 kilometro inguru luze izango da, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu zer bide egingo duten korrikalariek. "Ez dakigu orain arte herri krosetan erabili izan dugun formatu bera errepikatuko dugun ala ibilbidea aldatu egingo dugun". Nolanahi ere, aurtengo probak berritasunen bat izango duela aurreratu dute.

16 urte beteta dituzten korrikalariek parte hartu ahal izango dute krosean

Horrez gain, lasterketa egunean bertan, estimu handian zuten kideari omenaldiren bat egiteko asmoa ere badute, baina oraindik guztia zehazteke dutela aipatu dute. "Haren omenez antolatu dugun krosa denez, zerbait berezia egin nahiko genuke. Garaikur bereziren bat edo beste egitea pentsatzen ari gara".  

250 lagunentzako muga

Lasterketan parte hartzeko, 16 urte beteta izan beharko dituzte korrikalariek. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago, eta interesa dutenek herrikrosa.eus atarian dute horretarako aukera, 16 euroren truke; bide horretatik izena eman nahi dutenek bezperara arte izango dute zabalik aukera. Ohartarazi dutenez, lasterketaren egunean bertan ere izango da horretarako aukera, baina, kasu horretan, 20 euro ordaindu beharko dira izena emateko. 

Antolatzaileek 250 laguneko gehieneko muga ezarri dute, eta kopuru horretara iristea espero dute, Alcelay zenari "merezi duen" agurra emateko: "Gustatuko litzaiguke, Juanjoren omenez, ahalik eta partaidetza zabalena izatea, hari azken agur bat emateko. Haren omenez antolatutako krosa herritik eta herriarentzako antolatutako gauza xume bat izatea espero dugu, eta, bide batez, agur bero bat ematea gure lagun eta kide bultzatzaile izan den Juanjori". 

Boluntarioen laguntza

Korrikalarien parte hartzeaz gain, hitzordua antolatzeko boluntarioen laguntza ere beharko dute. Horregatik, herritarrak ekimenaren parte izatera gonbidatu dituzte; korrikalari gisa ez ezik, antolakuntzan ere laguntzeko. "Herria eta herritarrak proban inplikatzea nahiko genuke. Juanjori egin nahi diogun agur honen parte izatea nahi dugu jendea, bai proban parte hartzen edo, bestela, guri laguntzen".