Itsas hondakinak bilduko dituzte larunbatean Deban, Itsas Zaintza Sareak deituta

Izaro Aulestiarte Lete

Boluntario talde bat, aurrez egindako bilketa batean. Arg.: Itsas Zaintza Sarea

Jarduera goizean egingo dute, 11:00etatik 13:00etara. Parte hartzeko asmoa dutenei aurrez izena ematea gomendatu diete, antolaketa lanak errazte aldera.

Itsas Zaintza Sarearen ekimenez, itsas hondakinen bilketak egingo dituzte etzi, hilak 28, Gipuzkoako zazpi tokitan; tartean, Deban. Jarduera goizean egingo dute leku guztietan, 11:00etatik 13:00etara, eta helburu argia duela gogorarazi dute antolatzaileek: kostaldean pilatutako plastikoak eta bestelako hondakinak jasotzea eta, bide batez, herritarrak itsas ingurunea babestearen garrantziaz sentsibilizatzea.  

Informazio praktikoa

Debako, Itzurungo, Zarauzko eta Zurriolako hondartzetan, Urumea ibaian, Pasaiako badian eta Plaiaundiko parkean egingo dituzte bilketak. Parte hartzeko asmoa dutenei aurrez izena ematea gomendatu diete, antolaketa lanak errazte aldera; hiru modutara eman daiteke izena: karteletan agertzen den QR kodea baliatuta, 619 81 42 25 telefono zenbakira deituta edo itsaszaintzasarea@mater.eus helbide elektronikora idatzita. Bestalde, antolatzaileak arduratuko dira bilketarako eskularruak eta gainontzeko materiala prestatzeaz.

Debako deialdira batzen diren herritarrentzako elkargunea Cardenas pasealekuan jarriko dute; hondartza erdiko sarrera nagusiaren parean, hain zuzen.