Debako Gazte Asanbladak bihar emango dio amaiera 26. urteurreneko egitarauari

Nerea Bedialauneta Alkorta

Arg.: Debako Gazte Asanblada

Haurrei eta familiei zuzendutako ekintzekin itxiko dute azaroaren 6an abiatutako ekitaldi sorta. Joan den larunbatean ospatutako egun handiari buruzko balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek.

Debako Gazte Asanbladak bihar (azaroak 27) emango die amaiera 26. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiei. Azaroaren 6an abiatu zuten urteurreneko egitaraua, Gorrotoz suntsitu, ilusioz eraiki! lelopean, eta iragarri dutenez, azken jardunaldi horretan haurrei eta familiei zuzendutako proposamenak izango dira nagusi.

Hala, arratsalde-pasa berezia antolatu dute Gaztetxean, haurrek zein helduek elkarrekin gozatzeko.17:00etan hasita, txotxongilo-tailerra eta ipuin-kontaketa egingo dituzte, eta guztia borobiltzeko, txokolate-jana ere egongo da bertaratutakoentzat.

Balorazio positiboa

Bestalde, joan den larunbatean (azaroak 21) ospatu zuten urteurreneko egun nagusia; eguerditik goizaldeko ordu txikiak arte iraun zuen egitarauarekin. Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute: "Gazte Asanbladako kideok, oro har, oso pozik geratu gara egun handi honek eman zuenarekin".

Egitaraua eguerdiko karro-poteoarekin abiatu zen, eta, ondoren, herri bazkaria egin zuten Gaztetxean. Hamarnaka lagun elkartu ziren otorduan, eta, bazkalostean giroari eusteko, bingo musikatua ere egin zuten. Bazkarian sortutako giro ona nabarmendu dute antolatzaileek eta bazkalosteko bingo musikatuan ere “ondo pasatu” zutela erantsi dute.

Iluntzean, Eibarko Latuna Bando Txaranga herriguneko kaleak alaitzen ibili zen, eta ekintza horrek ere harrera oso ona izan zuela gaineratu dute: “Jende ugari ibili zen kalejira horretan, tarteka euri-zaparradak izan baziren ere”.

Zerotan erromeria, Gaztetxearen alboan jarritako karpan. Arg.: Debako Gazte Asanblada

 

Gau partean, musika izan zen protagonista Gaztetxean. Oholtzara igotzen lehena Ondarroako Zerotan erromeria taldea izan zen, eta, antolatzaileen hitzetan, "oso lan ona egin eta sekulako giroa" sortu zuten. Ondoren, Txamakos taldearen txanda izan zen, eta DJ Erratzak eman zion amaiera zuzeneko emanaldiei. “Horiek ere kriston giroa jarri zuten”.

Argitu dutenez, festak hurrengo eguneko ordu txikiak arte jarraitu zuen. “DJak 04:00ak aldera amaitu zuen saioa, baina Gaztetxea zabalik mantendu genuen 06:00ak aldera arte. Egia esn, betiko martxan, oso giro ona egon zen”, erantsi dute.

Karpa, lagungarri

Ospakizun handirako, gainera, karpa bat jarri zuten Gaztetxearen sarreran. Muntaketa lanek ahalegin handia eskatu zietela aitortu dute, baina egindako esfortzuak merezi izan zuela ondorioztatu dute. “Karpa jartzeari esker, normalean baino jende gehiago ibili zen Gaztetxearen bueltan. Hori bai, muntaketak nahiko lan eman zigun; pixka bat kostatu zitzaigun, baina eman zigun laguntza eta eman genion erabilera handiagoa izan zen egin genuen esfortzua baino. Beraz, alde horretatik ere pozik geratu gara”.