Debara ere iritsiko da Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunen eta aldarrikapenen oihartzuna, baina euskara ardatz duten ekitaldiak ez dira egun bakarrera –abenduak 3– mugatuko. Seigarren urtez jarraian, Euskeraz Bagera egitasmoa antolatu dute herriko hainbat taldek elkarlanean, eta haurrei, gazteei eta helduei zuzendutako hemezortzi ekitaldiz osatutako egitaraua ondu dute.
Gaur, azaroak 27, egingo dituzte lehenbiziko jarduerak, arratsalde-iluntze partean, Gaztetxean nahiz Kultur Elkartean, eta datozen lau asteotan, abenduaren 20ra arte, aisialdi eskaintza betea izango dute aukeran herritarrek: txotxongilo tailerra, familientzako irteera, umorezko bakarrizketa, hitzaldia, musika emanaldiak, zinema nahiz dokumental proiekzioak, ipuin kontaketak, mus txapelketa, ikuskizunak... izango dira tartean.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, hitzordu gehienak doakoak izango dira eta ez da beharrezkoa izango izena aldez aurretik ematea, baina badira salbuespen batzuk; egitarau orokorrean eta ohiko bideetatik ere iragarriko dituzte xehetasunak.
Zuhatza Euskaltzaleon Mugimenduak, Debako Udalak eta hainbat norbanakok ez ezik, ondoko eragileek ere bat egin dute aurtengo zikloarekin: Debako Kultur Elkartea, Gazte Asanblada, Zubi Guraso Elkartea, Altxa Burua Deba-Itziar, Arrano Elkartea, Debako Kontalariak, Debadezine eta Kalean Kantuz.
Elkarlana lanabes harturik
Duela bost urte, 2021ean, hasi zuen bidea Euskeraz Bagera egitasmoak, aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izateko eta herritarron artean harreman-sare berriak eraiki ahal izateko erronkarekin. Eta, sustatzaileek gogorarazi dutenez, hasierako ezaugarriei eta helburuei eutsiko die seigarren aldia duen honetan ere.
"Urtero izaten dira aldaketak egitarauan; egun eta ekintza kopurua, adibidez, aldakorra da, ez da finkoa, baina ekimenaren oinarria hasierako bera da: euskaraz bagarela aldarrikatzea eta ospatzea. Zikloan parte hartzeko eta proposamenak egiteko gonbidapena egiten diegu aurrez eragileei, eta, ondoren, jasotako ekarpenekin osatzen dugu programazioa, elkarlanean. Euskararen Egunaren bueltan gure herrian euskaraz eta euskararen alde egiten diren ekitaldi guztiak barnebiltzen ditu, hortaz, Euskeraz Bagerak", laburbildu dute.