Barrena jaio da, Debabarreneko euskarazko hedabide berria

Egoitz Unamuno 2025eko abenduaren 19a

Irakurle bat BARRENA irakurtzen. Argazkia: Gurutze Ariznabarreta.

Barrena Komunikazio Taldeak BARRENA astekaria eta 'Barrena.eus' agerkari digitala kaleratu ditu. Haietan, lehen aldiz, debabarrendarrei Debabarren osoko informazioa eskainiko zaie, euskaraz.

Gaur, 2025eko abenduak 19, sei urteko lankidetza prozesuaren ostean, kaleratu ditu Barrena Komunikazio Taldeak BARRENA astekaria eta Barrena.eus agerkari digitala. Gaurtik aurrera, debabarrendarrek lehen aldiz aukera izango dute norbere herriko informazioaz gain gainerako herrietako informazioa ere euskaraz kontsultatzeko. 

Tokikotasuna ardatz

Hedabide berriak tokiko informazioa izango du ardatz, eta, herriz herriko informazio hiperlokalarekin batera, bailara mailako informazio zabalagoa ere eskainiko du, bai paperean eta bai digitalean.

Papereko astekariaren kasuan, BARRENA astekariak aurretik herrietako aldizkariek eskaintzen zutenaren eduki bikoitza eskainiko du, 32 orrialdetan eta urtean 40 zenbakitan. Astekariaren atal orokorretan eskualde mailako informazioa emango du: aktualitate soziala eta ekonomikoa, iritzia, kirola, kultura, zerbitzuak –sailkatuak, zorion agurrak…–, eskelak eta agenda. Herriz herriko atala, berriz, sei herritako informazioarekin abiatuko da: Mallabia, Ermua, Soraluze, Elgoibar, Mendaro eta Deba. Banaketari dagokionez, BARRENAk sei herri horietan emango du astekaria etxean jasotzeko debaldeko zerbitzua, nahiz eta gainerako herrietan etxean jaso ahalko da postaz, Barrenakide eginez gero.    

Barrena.eus agerkari digitalari dagokionez, bailara mailako eduki esanguratsuenak azal nagusian eskainiko ditu eta herri bakoitzeko eduki hiperlokalak, berriz, herri bakoitzaren atal propioan.  

Bailarako hedabidea izanik, BARRENAren helburua da debabarrendar guztiei erraztasun berberak ematea bailara osoko euskarazko informazio kalitatezkoa eskura izan dezaten. Helburu horri begira, datozen hilabeteetan Barrena Komunikazio Taldeak ahalegina egingo du bailarako eragile gehiago batzeko eskualdeko komunikazio proiektura. Ildo horretan, aipagarria da urrian Arrate Irratiak BARRENArekin sinatu duen lankidetza-hitzarmena, zeinari esker, Eibarko irratiaren audioak entzun ahalko diren Barrena.eus-en.

Hedabide multimedia

Adituen esanetan, adimen artifizialaren sasoian hedabideek funtzio garrantzitsua izango dute gizartean, informazio fidagarriaren erreferente gisa. Egiazkoa eta egiantzekoa bereiztea geroz eta zailagoa den garaiotan, kazetaritzak eta, bereziki, tokiko kazetaritzak eginkizun garrantzitsua izango dute gizarte-kohesioa mantendu eta demokrazia indartzeko. Eginbehar hori euskaraz betetzera dator BARRENA.

Helburua da bailarako komunikabide erreferentea izatea, eta, horretarako, kazetaritza ona egiteaz gain, ezinbestekoa izango da gaur egungo kontsumo ohitura berrietara egokitutako kalitatezko eduki multimediak ekoiztea; bereziki, ikus-entzunezkoak. Horra hor BARRENAren etorkizun hurbileko egiteko nagusiak: kazetaritza ona eta eduki multimediak. Zeregin horretarako, BARRENAk hamahiru langileko lantalde profesionala izango du: zortzi kazetari, maketatzailea, komertziala, datu-analista, marketin- eta kidetza-arduraduna eta zuzendari orokorra. 

Gobernantza publiko-soziala

Hedabidearen eguneroko jarduna lantalde profesionalak kudeatuko badu ere, komunikazio proiektua gidatzeko gobernantza-eredua publiko-soziala izango da, irabazi-asmorik gabeko kooperatiba baten bitartez. Kooperatibak hiru hanka izango ditu: bazkide erabiltzaileak –lau euskara elkarteak–, lan-bazkideak –langileak– eta bazkide laguntzaileak –udalak eta bestelako entitateak–. Eredu hori Eusko Jaurlaritzak Euskararen Gogoetagunearen proposamenez eskualdeka euskarazko hedabide multimediak bultzatzeko abiatu duen estrategiaren barruan kokatzen da. Hain zuzen, BARRENA izango da Jaurlaritzak eskualdeko hedabide multimediak bultzatzeko ildoaren baitan bateratze prozesua gauzatuko duen lehen egitasmoa. Jaurlaritzaren babesaz gain, Bizkaiko eta Gipuzkoako eta bailarako udalen babesa ere izango du. 

Barrenakideen komunitatea

Proiektua arrakastaz betetzeko beste gako nagusia herritarren atxikimendua izango da, eta BARRENAk Barrenakide egiteko aukera emango die herritarrei. Barrenakideak BARRENAren parte izango dira, hedabidearen komunitateko kide. Kide egiten diren herritarrek lagunduko dute hedabidea indartzen, euskara biziberritzen eta komunitatea egiten. Urteko kuota finko baten truke kideek hainbat abantaila jasoko dituzte: papereko argitalpena ikusi ahalko dute webgunean –PDFa–, astekaria jaso etxeko postontzian –astekaria banatuko den herrietatik kanpo bizi diren herritarren kasuan–, zozketetan parte hartu ahal izango dute, argazkiak eta bideoak deskargatu ahalko dituzte kalitate handian eta ur-markarik gabe, ekitaldietan parte hartu ahal izango dute, deskontuak jasoko dituzte BARRENAren zerbitzuetan eta komertzioetan, eta abar. 

Barrenakide egin nahi duenak hiru aukera izango ditu, bere izaera eta kuotarekin: Kidetza Digitala, urtean 30 euro; Kidetza Pertsonala, urtean 60 euro; eta Etxekoak Kidetza, urtean 95 euro. Barrenakide modalitate bakoitzaren abantaila-sorta webgunean dago: barrena.eus/egin-kide/.