Debabarreneko hiri-berroneratzea bultzatzeko 8,3 milioi euroko dirulaguntza bideratuko du Jaurlaritzak

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 19a

Soraluzeko Olaldea gunea.

Asteartean, abenduaren 16an, Debabarreneko hiri-berroneratzea bultzatzeko proiektuetarako 8,3 milioi euroko dirulaguntza ematea onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak. Eibarko, Ermuko, Soraluzeko eta Elgoibarko udalendako zuzeneko dirulaguntzak izango dira, lau proiektu bultzatzeko, 2025-2027 aldian garatuko direnak. Dirulaguntzarik handiena Soraluzeko Olaldea berroneratzeko proiektuarendako izango da.

Asteartean, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 7.300.000 euroko dirulaguntza-lerroa onartu zuen Debabarrenerako. Lehenago, abenduaren 9an, berriz, beste milioi bat euroko laguntza onartu zuen, kasu horretan, zehazki, Eibarrerako, Txontako Ugaretetxea eraikina erosteko eta bertan eraikiko diren babes ofizialeko etxeendako aparkalekuak egiteko.

Gauzak horrela, azken bi asteotako erabakiak batuta, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, guztira, 8,3 milioi euroko dirulaguntza onartu du Debabarrenerako, “hiri-berroneratzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta espazio publikoak berreskuratzeko”, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak aurkeztutako espedienteetan oinarrituta.

Lau proiektu

Prentsa ohar bitartez jakinarazi duenez, honako lau proiektuetarako dirulaguntza zuzenak bideratuko dira:

Soraluze: 3.375.000 euro, Olaldea zona berroneratzeko

Olaldeako hiri-berroneratzea bultzatu eta esparrua alde zaharrarekin lotzea bultzatuko da, hartara, “irisgarritasuna eta ibaiertzak hobetuko” dira, herrian dagoen “bizitegi-larrialdiari” erantzuteaz bat. Jarduketa horren ondorioz, “industria-eraikin zaharkituak ordezkatuko dira eta erabilera publikorako eta etxebizitzak sortzeko kalitateko hiri-espazio berriak sortu”.

Elgoibar : 1.800.000 euro, Usetxe plaza lehengoratzeko eta eraikina kultura-ekipamendua berreraikitzeko.

“Proiektuak aintzat hartzen ditu Usetxe plaza berreskuratzeko eta kultura-ekipamendurako eraikina berreraikitzeko beharrezkoak diren diseinu-, idazketa- eta egikaritze-lanak. Espazio libreetarako lurzorua berreskuratuko da, Deba ibaiari balioa emango zaio —ibaiertzak lehengoratuta eta berdegune-sarean integratuta—, eta gizarteratzea eta hiri-inguruneko segurtasuna indartuko dira”.

Ermua: 1.125.000 euro, Merkatu Plaza birgaitzeko.

Helburua da Merkatu Plaza zaharra (Diputazio kalea, 2) birgaitzea, udal-azpiegitura kontserbatuz eta suspertuz eta udalerriaren erdigunean gizarte-, kultura- eta komunitate-dinamizazioko beste gune bat finkatuz. Emandako xehetasunen arabera, “irisgarritasun, jasangarritasun, efizientzia eta erabileren egokitasuneko irizpideen arabera egingo da”, ermuarrekin egindako “parte-hartze prozesuan oinarrituta”. “Merkatu Plazako eraikin zaharra birmoldatu nahi da, topaketarako espazioa izan dadin eta ingurunea lehengoratzen lagunduko duten gizarte-, kultura- eta aisialdi-jardueretarako gune izan dadin”.

Eibar: 1.000.000 euro, “Larrañaga y Elorza” higiezina erosteko, eraisteko eta berrurbanizatzeko.

Barrena 13ko higiezina erosi, eraitsi eta berrurbanizatuko da, eta auzoa espazio librez eta aparkalekuz hornitu. Oraingo industria-eraikina kendu, eta 80 plaza inguruko aparkalekua egingo da, baita landaredia izango duen espazio libre bat ere. Hartara, trantsizio berdea lortzen lagunduko du, hiriaren ekialdea erabat berroneratzeko esparruan.

Gaineratutakoaren arabera, eraikin hori Hijos de Gabilondo eraikinaren inguruan dago, eta eraikin hori zaharberritzen ari dira Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzari esker (Eusko Jaurlaritzak 4,9 milioi euroko dirulaguntza eman dio Udalari). Lantegi zahar hori prestakuntzarako eta enplegurako eskualdeko ekipamendu bihurtuko da, eta bultzada handia emango dio hiriaren ekialdea berroneratzeari.

"Auzo bizigarriagoak"

Helarazitako xehetasunen arabera, jarduera horiek Debabarreneko berroneratze sozioekonomikorako erakundearteko Plan Estrategikoaren barruan txertatzen dira —Eusko Legebiltzarrak Lehentasunezko Jarduketa Eremu izendatu zuen Debabarrena (Debabarreneko LJE)—, eta 2025-2027 aldian garatuko dira.

Juan Carlos Abascal Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailburuordeak adierazi zuenez, “auzoak berroneratzea politika erabilgarria da aldaketa zehatzak ekartzen dituenean”. Halaber, gaineratu zuen Debabarrenean erakusten ari direla “hiri-agenda emaitzetan neurtzen dela: etxebizitza, enplegurako espazioa, plazak, ibaiertzak, ekipamenduak eta auzo bizigarriagoak, betiere pertsonak erdigunean jarrita eta gizarte-kohesioa indartuta”.