Gabon garaian murgilduta gauden honetan, eskaintza oparoz zipriztindutako egitaraua antolatu dute Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak, hainbat eragilerekin elkarlanean. Eta, jakina, Olentzerok eta Mari Domingik ere ez dute hutsik egingo. Eguberrietako bikoterik ezagunena bihar (abenduak 24) jaitsiko da menditik, eta bisitan izango da Deban zein Itziarren.
Deban, esaterako, 12:00etan egingo diete harrera. Euriak hala uzten badu behintzat, eguneko bi protagonistekin kalejira egingo dute, Plaza Zaharretik abiatuta. Bestela, ikazkina eta haren laguna Aldats pilotalekuan izango dira, herriko haurren eskutitzak jasotzen eta haiekin kontu kontari.
Itziarren, bestalde, Gabon-eskean ibiliko dira goizean. 10:30ean jarri dute hitzordua herriko plazan, eta amaitutakoan, hamaiketakoa eskainiko diete Lizarbe Guraso Elkarteko kideek. Iluntzean, aldiz, kalejiran aterako dira Gabonetako pertsonaiak, haurren artean gozokiak banatzera. 18:30ean irtengo dira HHko eskola eraikinetik, eta handik Burugorrirantz abiatuko dira.
EGITARAUA:
- 10:30. Gabon eskea Itziarren, plazatik hasita.
- Ondoren. Hamaiketakoa.
- 12:00. Olentzerori eta Mari Domingiri ongietorria Debako Plaza Zaharrean.
- Ondoren. Ekitaldia Aldats pilotalekuan.
- 18:30. Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera, Itziarren. HHko eskola eraikinetik Burugorrira.