Debabarreneko euskalgintzako eragileek autobusa bete dute Pizkundea ekitaldirako

Ainara Argoitia Arano 2025eko abenduaren 23a

Debabarreneko euskalgintzako ezberdinek autobusa bete dute abenduaren 27an euskalgintzaren giharra indartzeko asmoz Bilbon egingo duten Pizkundea ekitaldirako. 

Euskara eta euskal hiztun komunitatea "larrialdi linguistikoan" dagoela ohartarazi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Euskal Herri osoan gero eta gutxiago dira euskaraz erdaretan baino errazago egiten duten hiztunak (%17,5), eta 2036. urterako ez da arnasgunerik izango. Hau da, ez da euskararen erabilera %80tik gorakoa den herririk geldituko. Egoera horretan, indarrak batzera deitu ditu euskaltzaleak Kontseiluak. Asmo horrekin antolatu du abenduaren 27an Bilbon egingo den Pizkundea ekitaldia ere: euskaltzaletasunaren giharra indartzeko. Eta ekitaldira joateko autobusa jarri dute eskualdeko euskalgintzako eragile ezberdinek. Mutrikutik 14:45ean abiatuko da autobusa, eta herriz herri pasatuko da gero: Deban, tren geltoki parean, 15:00; Mendaron, Azpilgoetan, 15:15ean; Elgoibarren, Txankakuako zubian, 15:30ean; Maltzagan egingo du geldialdia soraluzearrak batzeko eta Eibarren autopista hartuko du gero.

Ekitaldia bera Bilbo Arena kirolgunean egingo dute, eta sarrerak salgai daude oraindik, Pizkundea.eus webgunean, 10 euroan.

Euskararen biziberritze prozesuak aurrerapen handiak izan ditu, baina asko dira susperraldi aro hori eten den eta atzeraldia etor daitekeen zantzuak, adituen esanetan. Globalizazioak eta digitalizazioak, oldarraldiaren areagotzeak, erabilera sozialaren ahultzeak eta erronka berriek jarri dute euskara kinka larrian, baina lehenago ere izan ditu "behin betiko itzaltzeko arrisku uneak", eta aurrera egin du, euskaltzaleek "une kritikoetan elkarrekin aritzeko eta egiteko izan duten gaitasunetik etorri delako beti Pizkundea". Helburu hori izango du abenduaren 27ko ekitaldiak.

Kultur kutsuko ekitaldia

Euskarari beste arnasaldi bat eman nahi zaio, eta, horretarako, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat sortuko dute Bilbo Arenan, kulturan oinarrituta. Musikak hartuko du tarterik handiena. Hamarkadatan euskararen soinu banda izan diren kantuak interpretatuko dituzte Euskal Herri osoko eta belaunaldi askotariko bederatzi musikarik: Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia Benzze, Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goladarazena Flako Fonki, Maia Iribarne eta Miren Narbaiza. 

Musikariez gain, baina, euskarazko zineman nabarmendu diren Edurne Azkarate, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre aktoreek ere parte hartuko dute, bai eta Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariek ere, beste zenbait kulturgilerekin batera. Ekitaldia Oier Guillan antzerkigileak zuzenduko du.