Amagandiko edoskitzeak dituen “onurei buruz sentsibilizatzeko eta edoskitzea bistaratzeko”, Debabarreneko ESI 2016tik ari da praktika horri buruzko argazki lehiaketa antolatzen. Aurten, 23 argazki jaso dituzte lehiaketarako. Abenduaren 19an egin zuten sari banaketa Mendaroko ospitaleko areto nagusian eta honako hirurak izendatu zituzten saridun. Hiruren argazkiak marko batean jarri eta ikusgai jarriko dituzte.
- 1. saria, Oihana Apellaniz (Elgoibar), 150 euro eta argazkia
- 2. saria, Aloña Gartzia (Gernika), argazkia
- 3. saria, Laura Mateos (Deba), argazkia

Halaber, lehiaketaren X. urteurrena ospatzeko, ESI Debabarrenak beste edizio batzuetako irabazleak gonbidatu ditu 2026 sarien epaimahaira, “urte horietan lehiaketak antolatzen parte hartu duten ESIko profesionalekin eztabaida partekatzeko”.
450 argazki
Helarazitako datuen arabera, hamar urteotan, edoskitzea islatzen duten 450 argazki jaso dituzte. Euskal Herritik aparte, besteak beste, Madrildik bidalitako argazkiak dira. “Irudiek transmititzen duten samurtasunak, eszenek islatzen duten errealitatearekin batera, arteaz haragoko zerbait bihurtzen ditu”, esan dute Debabarreneko ESItik.
Gaineratu dutenez, bilduma horren erakusketa bat jarri da ikusgai kultura-etxeetan eta erakusketa-jauregietan, Debabarrena eskualdeko udalerrietan eta beste eskualde batzuetako udalerrietan. Eta diotenez, “erakusketa bultzatzen” jarraituko dute.
"Botika naturala"
Izan ere, Debabarreneko ESItik azpimarratu duten moduan, edoskitze naturalaren onurei buruzko “ebidentzia zientifikoa oso handia da. “Lehenengo sei hilabeteetan edoskitzeak, 2 urte bete arte, lagundu egiten du infekzioak murrizten, bat-bateko heriotza eta epe luzeko gaixotasunak izateko arrisku txikiagoa izaten, eta garapen kognitibo hobea izaten jaioberriarentzat; eta amentzat bizkortu egiten du errekuperazioa erditzearen ondoren, eta murriztu egiten du bularreko, obulutegiko eta endometrioko minbizia izateko arriskua. Horri gehitu behar zaizkio onura emozionalak eta sozialak, hala nola elikadura-gastuak murriztea. Osasunean egindako inbertsioa da, argi eta garbi. Botika naturala da”.