Dermatosi nodularren kasurik ez da agertu Euskal Herrian, baina erakundeek arriskuak saihestu nahi dituzte. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak berriro debekatu du otsailera arte abere azokak egitea, eta ganadua mugitzeko baldintzak gogortu ditu. Hori dela eta, hurrengo asteetan ez da abererik izango azoketan..
Abenduaren 26an jarriko da dekretua indarrean, eta bete betean harrapatuko ditu Debabarreneko bi azoka: batetik, zapatuan Elgoibarren egingo den Gabon Zahar Feria, eta bestetik, urtarrilaren 3an Deban egingo Zoro Feria.
Dekretuak, era berean, idi demei ere eragingo die, hortaz, Elgoibarren eta Deban urte amaieran zein hasieran egitekoak ziren idi probak ere bertan behera geratuko dira.
100 postutik gora Gabon Zahar Ferian
Animaliarik gabe ere, egongo da zer ikusi zapatuan Elgoibarko azokan, eta guztira 100 postutik gora jarriko dituzte. Goizeko 8:30etik 14:30era bitartean egingo da azoka udalerriko hainbat gunetan banatuta, eta lehen sektorea, bertako produktuak eta baserri giroko tradizioak izango dira protagonista nagusiak.
Kalegoen plazan, bisitariek ekoizpen propioko fruta eta barazki postiak jarriko dituzte, eta lehiaketa ere egongo da. Epaimahaikideek eguerdi alderako emango dute irabazleen berri, eta udaletxeko pleno aretoan banatuko dituzte sariak. Sari nagusiak 600 €-koak izango dira, eta beste sari berezi batzuk ere banatuko dira, hala nola, benetakotasunaren eta berrikuntzaren saria edo Elgoibarko mendien zaintzan nabarmendu den baserriari emandakoa. Sariak baserrian bertan ekoitzitako produktuei bakarrik emango zaizkie. Elizako arkupeetan, aldiz, gazta eta eztia eskainiko dira, eta Aita Agirre plazan baserriko produktuak, landareak eta nekazaritza-tresna desberdinak egongo dira, gozogintza Aita Agirre plazan, talo postuak ere jarriko dituzte gune desberdinetan eta animalien ordez forja erakustaldia egingo du errementari batek.
Horrez gain, Urteko Gazta Onenaren 2025eko lehiaketa ere egingo dute, Kalamua Elkarteak eta Elgoibarko Udalak antolatuta. Urtean zehar gazta txapelketaren bat irabazi duten gaztandegiek hartuko dute parte, eta irabazle bakarra egongo da. Txapeldunak 1.500
euroko saria jasoko du, txapelaz eta garaikurraz gain. Aurten hamar gazten artean aukeratuko dute urteko gazta txapelduna.
Azokako postuez gain, hainbat kultur ekintza ere sartu dituzte programan: 9:00etatik 20:00ak arte parrokiako jaiotza bisitatzeko aukera egongo da; 10:00etan Baltzola eta Lagunak trikitilari taldearen kalejira hasiko da; Elgoibarko ArTalde artisauen standak Maalako parkean egongo dira ikusgai 10:00etatik 14:30era, eta Kalebarren plazan Eusko Label saiheski pintxoak dastatzeko aukera egongo da 11:30etik aurrera, Ikastolako txoznan. Nerea Elustondo eta Loidisaletxe bertsolariak ariko dira udaletxean, eta 12:30ean Plazara Dantzara erromeria izango da Lekuederren Musika eta Dantza Eskolak antolatuta (euria bada, Olaizaga kiroldegian). Egunari amaiera emateko, Kittu taldearen emanaldia izango da, 19:00etatik aurrera.

