Debabarrendarrak ere izan ziren Pizkundearen ekitaldian

Egoitz Unamuno Loidi 2025eko abenduaren 28a

Debabarreneko euskalgintzak antolatu zuen autobusean joan ziren herritarrak.

Debabarrenetik dozenaka euskaltzale joan ziren atzo arratsaldean Euskalgintzaren Kontseiluak deituta Euskaraz bizitzeko Pizkundea lelopean Bilbon egin zuten ekitaldi jendetsura.  

Euskal Herri osotik joandako milaka euskaltzalek (6.500) goraino bete zuten atzo Bilboko Miribilla, Euskalgintzaren Kontseiluak egindako deialdiari erantzunez. Euskaraz bizitzeko Pizkundea lelopean, euskalgintzak indar erakustaldia egin zuen. 

Euskalgintzako eragile eta aurpegi ezagunekin batera, kulturgile ezagunak ere taularatu ziren atzo Bilbon eta denek aho batez aldarrikatu zuten "euskaltzaleon garaia" dela eta "txinparta guztiak, su guztiak" direla beharrezko "pizkunde berri bat" eragiteko.

Kontseiluko Idazkari Nagusi Idurre Eskisabelek euskarak eta euskal komunitateak bizi duten "larrialdi linguistikoaz" ohartarazi zuen eta "hizkuntza politika eta neurri ausartak" eskatu zizkien instituzio eta alderdi politikoei eta iragarri zuen euskalgintzak baduela "eskaintza" bat euskararen inguruan "akordio soziopolitiko berri bat" ezartzeko. Horrekin batera, eremu guztietan antolatzeko deia egin zien herritarrei, "antolatu gaitezen euskaltzaleok", "elkarrekin isiotu dezagun hurrengo pizkundea".  

Ekitaldiaren hondarrean, hurrengo hitzorduaren berri ere eman zuten.  Ekainaren 13an izango da, Iruñean eta bertaratzeko deia egin zieten euskaltzaleei, "sarea ehuntzen jarraitzeko".