Ohiturari jarraituz, aurreko Korrika amaitu zen lurraldean hasiko da oraingoa, Zuberoan, Atharratzen zehazki. Aurkezpen egunean zehaztu zuten moduan beste arrazoi bat ere bada Zuberoan hasteko: Korrikaren "itzalguneetako" bat da Zuberoako Basabürüa eskualdea, Korrika ez delako handik pasatzen, ezbada abiatzeko. 1985ean igaro zen estreinakoz eta azkenekoz handik. Atharratzen hasi zen orduan laugarren Korrika.
AEKtik nabarmendu dutenez, Zuberoan eta Basabürüan euskara sustatzeko eta kaleratzeko beharra sekula baino ageriagokoa da. Izan ere, azkeneko inkesta soziolinguistikoaren emaitzek erakutsi dute etxeko transmisioa eten egin dela, eskola-transmisioak ez duela %15 gainditzea lortzen eta euskara galtzen ari dela kalean. Gainera, Zuberoa da, eta bereziki, Basabürua, azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea/eskualdea.
Amaiera, berriz, Bilbon izango du Korrikak, martxoaren 29an. 07:20ak aldera sartuko da Bizkaiko hiriburuan, eta eguerdian, irakurriko dute lekuko barruko mezu sekretua. Ordurako, 3.436 lagunek erabilia izango dute lekukoa eskuz eskuz eta 2.175 kilometro eginak izango ditu euskararen aldeko lasterketak.
Korrika, Debabarrenean
Bidean, jakina, gure eskualdetik ere pasatuko da Korrika. Martxoaren 25ean iritsiko da Debabarrenera (asteazkena), Urola Kostatik, Zumaiatik. Iluntzean iritsiko da Itziarrera, 17:59ak aldera. Debako herrigunera jaitsiko 18:57ak aldera iritsiko da. Debatik Mutrikura egingo du gero, eta Mutrikura 19:23ak aldera iristea espero da. Mutrikutik Bizkairako bidea hartuko du, eta hiru egunen buruan, martxoaren 28an (larunbata) iritsiko da berriro gure eskualdera euskararen aldeko lasterketa, oraingoan Azkoitia aldetik. Azkaraten behera etorriko da, eta 19:26ak aldera sartuko da Elgoibarren. Elgoibar gurutzatu ondoren Soraluzerantz hartuko du. 20:36ak aldera iritsiko da hara, eta Soraluzeri itzulia emanda, berriro ere atzera egingo du, Eibarren sartzeko. Eibarren, 21:11ak aldera espero dute, eta 22:00ak izango dira Ermura iristerako. Mallabiatik ere igaroko da Korrika egun horretan bertan, 22:29ak aldera. Honatx lekukoaren ailegaera orduak eskualdeko herrietara:
Martxoak 25, asteazkena
- Itziar 17:59ean
- Deba 18:57
- Mutriku 19:23
Martxoak 28, zapatua
- Elgoibar 19:26
- Soraluze 20:36
- Eibar 21:11
- Ermua 22:00
- Mallabia 22:29
Korrikaren aplikazioa
Ibilbidearen zehetasun guztiak Korrika aplikazioan azalduko dira, eta aplikazioan zein webgunean kontsultatu ahal izango da zehatz-mehatz nondik igaroko den 2.175 kilometroko lasterketa. Kilometroak erreserbatzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko dute.
Korrikaren aplikazioa berrikuntzetik datorrela ere aurreratu dute AEKtik. Batetik, eta 24. Korrikaren kantarekin egin bezala, Korrika Laguntzaileak izan dira lehendabizikoak ibilbidearen berri izaten. Haiek eta aplikazioa deskargatuta dutenek hainbat informazio eta albiste jasoko dituzte primizian. Hala, Korrikak iraun bitartean, martxoaren 19tik 29ra, eguneko bideokronika bereziak eskainiko dizkiete aplikazioaren erabiltzaileei. Era berean, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: batetik, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren jakitzeko aukera izango dugu. Bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak ere jaso ahal izango ditugu.
Aplikazioa IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta doakoa da.
