Euskal Trenbide Sareko komunikazio zerbitzutik esandakoaren arabera, Elgoibartik Mendarora zihoan goizeko treneko makinistak kolpe bat sumatu du trenaren albo batean Altzolako tuneletik irtetean, eta, trena gerarazi du.
Lehenengo eta behin, trenean zihoazen bidaiariak ebakuatu dituzte. Donostiatik zetorren trena joan da horretarako bertara. Lekuko batek kontatu duenez, aurretik, makinistaren bagoitik atera dituzte bidaiariak, jaisteko eskaileratxo bat ipinita. 20 bat metro trenbidean ibili eta gero, beste eskaileratxo batetik igo dira beste trenera, eta, Mendarora eraman dituzte.
Bien bitartean, tren zerbitzua etenda egon da, gertatutakoa aztertu eta egoera konpondu bitartean. Euskal Trenbide Sareko komunikazio zerbitzutik esplikatu dutenez, ikusi dute trenbidera harri bat zegoela jausita. Ez dakite noiz jausi den. Gauean edo justu trena pasatu denean. Baina hori izan dela trena kolpatu duena.
Edozelan ere, erretiratu dute guztia, bidea libre laga eta dagoeneko abian da tren zerbitzua.