Mendebaldeko Saihesbidearen behin-behineko proiektua onartuko da ostegunean

Ander Gomez 2026ko urtarrilaren 27a

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du ostegun honetako Gobernu Kontseiluan onartuko dela Urtiako fasearen lehen dokumentua. Proiektua 36 hilabetean gauzatzea aurreikusi dute eta 20,7 milioi euroko aurrekontua izango du.

Aurkezpenarekin batera, 3Dn egindako aurreikuspen bideoa zabaldu dute, saihesbidearen obrak bukatuta eta zirkulazioa martxan. Irudiak: BFA.

Atzo, astelehena, Carlos Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak prentsaurrekoa egin zuen Mendebaldeko Saihesbidearen proiektuaren berri emateko. Urtiako lehen fasearen ingurumen-inpaktuaren adierazpena jaso dute jada eta hilaren 29an, ostegun honetan, behin-behineko proiektua aurkeztuko da Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluan. Behin onartuta, jendaurreko informazio fasera pasako da bi hilabetez, epe horren ostean proiektua idatziko da eta ondoren lizitazio-prozesuari ekingo zaio, 20.777.458,17 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Obrak 2026ko azken hilabeteetan hastea aurreikusi dute.


Carlos Alzaga atzoko prentsaurrekoan, proiektua aurkezten. 

Mendebaldeko Saihesbidearen fase honetan bi errei eraikiko dituzte, hiru biribilgune (Urtia, Izarra eta Zearrekobueltakoa), oinezkoentzako pasabideak, eta BI-3302 eta BI-3344 errepideak lotuko dituen 100 metroko biaduktua. Azpiegitura hauek urte luzez Ermuko herriguneko zirkulazioan arazoak sortu dituen eta bizilagunen kexa nagusienetakoa izan den trafiko astuna desbideratuko dute. Horrez gain, Zubitegi errekaren inguruan ingurumen-babes eta paisaia-leheneratze neurriak aplikatuko direla azaldu dute, espezie babestuak eta ibai-ekosistema zaintzeko. 

Ermuko Udalaren kexa

Beatriz Gamiz alkateak positiboki baloratu du aurrerapausoa, baina desegoki ikusi du prentsaurrekoaren bidez jaso izana gai honen berri, Ermuko Udala zuzenean inplikatutako administrazioa izanda. Horregatik, udaletik "errespetua, bide instituzional bitarteko komunikazio zuzena, eta epeak eta konpromisoak bete daitezela" eskatu diote aldundiari.