Korrika Batzordeak sortzeko lehen bilerak egingo dituzte Deban eta Itziarren egunotan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 27a

Aste gutxi batzuk baino ez dira falta 24. Korrikari ongietorria egiteko eta, beste edizio batzuetan egin izan den bezala, Korrika Batzordeak eratzeko nahia agertu dute Deban eta Itziarren. Herriko norbanakoak, eragileak zein elkarteetako ordezkariak gonbidatu dituzte parte hartzera.  

24. Korrikaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, egunotan egingo dituzte Deban eta Itziarren tokian tokiko Korrika Batzordeak eratzeko lehen batzarrak. Debako lehen bilera  bihar (urtarrilak 28) izango da, 19:00etan, Kultur Elkarteko liburutegian. Itziarren, berriz, etzirako (urtarrilak 29) deitu dute, 19:00etan; Burugorri gainean izango da hitzordua. Deitzaileek gogorarazi dutenez, saioak irekiak izango dira. Herriko eragileak eta erakundetako ordezkariak gonbidatu dituzte parte hartzera, baita herritarrak ere.

Iragarri dutenez, AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko ekimen erraldoiaren nondik norakoez jardungo dute tokian tokiko bileretan. Beste zenbait gairen artean, ibilbidea, lekuko eramateko erreserbak eta material salmenta izango dituzte hizpide. Horrez gain, Korrika Kulturaren agendarako ekimenen bat antolatu edota antolakuntzan lan egiteko prest dauden horien guztien ekarpenak entzuteko deitu dituzte hitzorduak.