Udako oporrak Euskal Herrian igarotzeko aukera ematen die Oporrak Bakean egitasmoak Saharako ume errefuxiatuei; basamortuko berotik eta errefuxiatuentzako kanpalekuetako eskasiatik aldi batez aldendu eta behar duten osasun arreta jaso eta beste kultura bat ezagutzeko aukera eman, azken batean.
Marokoren okupazioak banatuta bizitzera behartu ditu sahararrak, eta halaxe bizi dira joan deneko 50 urtean: batzuk jazartuta, Marokok okupatutako lurretan, eta beste batzuk errefuxiatuta, Aljeriak behin-behinean lagatako basamortu zatian, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuan. Nazioarteak emandakoarekin bizi dira hein handi batean, baina azkeneko urteetan laguntza hori asko murriztu da, eta egoerak okerrera egin du nabarmen kanpalekuetan. Hain justu ere, han bizi diren umeei uda bakean igarotzeko aukera eman nahi die Oporrak Bakean programak. Aurten, Tindufen bertan aurkeztu zuten kanpaina, baina gerora beste aurkezpen bat egin dute Donostian, kanpaina otsailaren 15era arte luzatuko dutela jakinarazteko. Han eman zituzten datuak dira ondorengoak:
- 50 urte baino gehiago darama saharrarren herriak bere lurraldetik kanpo.
- Ura da basamortuko altxorrik preziatuena, eta familia bakoitzak hilean behin bete ahal duten bidoia izaten du. Egunean 20 litro baino gutxiago izatea bermatzen die bidoi horrek. Ur hori, gainera, tratatu gabea da, eta gaixotasunak ere eragiten ditu sarri.
- Basamortuak ez du ematen errefuxiatu guztientzako nahikoa jaki eta gehienak nazioarteko laguntzari esker bizi dira. Beraz, elikagai fresko gutxi dituzte beren elikaduran, eta proteinak ere, eskas.
- Bi eratako bizilekuak dituzte: haimak (kanpadendak) eta buztinezko eraikin xumeak.
- Hezkuntza eskubidea bermatzen ahalegin handia egin dute, bitarteko gutxirekin. Lehen, %95ekoa zen analfabetismo tasa, eta egun, %10etik beherakoa. Afrikako bigarren herri alfabetizatuena da.
- Haur ugariko familiak dira gehienak. Eta gehienetan gizonezkoen diru-sarrerekin bizi dira. Haur eta aiton-amonen zaintza emakumeen esku dago.
- Gabezia izugarriak dituzte osasunean: mediku falta, sendagai eskasia, azpiegitura falta...
Kanpainaren inguruko informazio gehiago jaso nahi duenak, hauek ditu harremanetarako telefono zenbakiak. Edonola ere, Oporrakbakean.eus webgunean ere topa dezake behar duen informazioa.
- Gipuzkoa: 696 014 786
- Bizkaia: 658 751 359
- Araba: 650 134 011