Baserritar Bilgunea sindikatuak salatu du Mercosur akordioak ustiategi txikiak "behin betiko" desagerraraziko dituela

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko urtarrilaren 28a

Nekazarien protestak Frantzian 2025eko urrian. Argazkilaria: Thierry NECTOUX.

Baserritar Bilgunea sindikatu eratu berriak adierazpena kaleratu du Europar Batasunak eta Mercosurrek sinatu duten merkataritza askeko itunaren aurka. Sindikatuaren ustez, akordio honek tokiko nekazaritza txiki eta jasangarria sakrifikatzen du automobilgintza eta oligopolio handien onurarako.

 

Sindikatuak ohartarazi du hitzarmen honek eredu agroindustriala sendotzen duela eta euskal baserrien desagerpena azkartuko duela. Izan ere, testuak dioenez, "Europako eta Hego Amerikako ustiategi txiki eta ertainen ehuneko handi baten behin betiko ordezkatzearen aurrean geundeke". Baserritarren ustez, ezinezkoa da gertuko nekazaritza eta eredu harrapari hau uztartzea, esportazioan oinarritutako paradigmak landa-eremua husten duelako.
 

"Ez da koherentea"

Salatu dutenez, Europako Batasuna gure ekonomiarekin karta-jokoan" ari da Alemaniako automobilgintza salbatzeko. Agintarien jarrera ere gogor kritikatu dute: "Ez da koherentea hemen baserritarrak desagertzen ari garela-eta negar egitea eta aldi berean lehia desleiala eta agroindustria babestea". 

 

Sindikatuak argi utzi du landa-eremuaren egoera ez dela kasualitatea: "Landa-eremuaren eta lehen sektorearen krisiak ez dira prozesu ausazkoak eta saihestezinak, baizik eta erabaki politiko zehatzen ondorioak".
 
Bukatzeko, "baserritar eta ekoizle txikiez gain, elikadura burujabetza eta herriak bizirik nahi dituzten herritarrei" dei egin diete mobilizatzeko, elikadura burujabetzaren alde. "Alferrik amestuko dugu landa-eremu biziarekin, nekazaritza herrikoirik eta bide laburreko merkataritzarik izan ezean". 
 

Adierazpena osorik

Irakurri jarrian Baserritar Bilgune sindikatuaren adierazpena osorik:
 

EB-MERCOSUR HITZARMENARI Gipuzkoako baserritarrok ere ezetz esaten diogu

Zilindrada handiko traktoreak ikusi ditugu egunotan autopistak ixten, baita mugak eta portuak ere; edota horietan ikusitako ultraeskuineko sasi-sindikatuek harrotutako gorri-hori banderak eta hitzaldi sutsuak ere. Horiek guztiak urrun senti ditzakegu gertuko nekazaritza eta abeltzaintza herrikoi sistemetan lan egiten dugunok; edo pentsarazi diezaguke EB-Mercosur merkataritza askeko itunak ez duela gugana aldaketarik izango, urruneko kontua dela eta, askoz jota, balioko duela lehen sektorea egunkarietako lerroburuetan azaltzeko; edo gure ekoizpen sistema alternatibo txikiari ez diola eragingo. Berdin gerta dakioke kontzientzia duen kontsumitzaileari, larrialdi klimatikoaz edota justizia sozialaz kezkatuta dagoen herritarrari. Alegia, mobilizazioak ez ulertzea edo ondoko nekazarien arazoak lehen sektoreari baino ez dagokiola.

Logikoa da mobilizazio horiekiko kidetasuna sentitzea nekeza izatea. Eta ulergarria da, izan ere, berau lideratzen dutenen eguneroko nekazal jarduera erabat menpekoa baita ustez borrokatzen duten ereduarekiko: pentsuen inportazio masiboa, mendekotasun energetiko handia, fitosanitarioen, pestiziden eta ongarri kutsatzaileen erabilera intentsiboa, eta ingurumen-muga ororen aurkako arbuio esplizitua. Eredu horrek ez du elikadura burujabetzarik eraikitzen, agroindustriaren negozioaren jarraipena baizik ez du bermatzen, zeina nekazaritza sektorearen beraren, lurraldearen eta elikadura sistema seguru eta iraunkor baten suntsipenera daraman kale itsua baita.

Etor litekeen behin betiko onarpenarekin, edo Europako Justizia Auzitegiak hartaz erabaki aurretik hitzarmena praktikan ezarriko balitz, ekoizpen eredu agroindustrialaren kontsolidazio legalaren aurrean egoteaz gain, Europako eta Hego Amerikako ustiategi txiki eta ertainen ehuneko handi baten behin betiko ordezkatzearen aurrean geundeke.

Buruzagi politikoek aintzat hartzen ez duten testuinguruan, non lehen sektorea azkar desagertzen ari den –EAEn bakarrik, azken bost urteotan, baserrien %20 galdu da–, baserritarrok bizi dugun krisia areagotu nahi da, sektore agroesportatzaileen paradigmaren lurraldetik etorritako nekazari produktuei ateak erabat irekiz, mugarik gabe.

Baina elkarbizitza ez da posible. Edo eredu agroindustrialaren alde egiten da, berezkoak dituen elementuak indartuz – lanaren prekarizazioa, kutsadura, tokiko elikadura sistemen desartikulazioa eta horrek dakarren landa-eremuaren hustuketa– esportatzaile jakin batzuen mesedetan. Edota gertuko nekazaritzaren alde egiten dugu, anitza, elikagaiak hondakin gutxi sortuz ekoizten dituena, naturaren mugen baitan, tokiko komunitate aktiboak sustatzen dituena eta kalitatezko elikagaiak ziurtatzen dituena bere kideentzat.

Europar Batasunak karta-jokoan ari da gure ekonomiarekin, Alemaniako automobilgintzaren sektorea salbatzeko eta zenbait oligopolio kimiko, energetiko eta finantzarioen onurarako. Dena Europako nekazarien sektore tokikoena eta jasangarriena sakrifikatuz, elikadura segurtasunaren eta lan-baldintzen kaltetan ez ezik, geure buruari elikagaiak modu jasangarrian ekoizteko ezarritako gutxieneko mugen kaltetan ere.

Izan ere, akordio honek bide ematen dio, Europako lehen sektorearentzat ezinezkoak diren prezioetan, produktu masiboen inportazioari –bereziki, txahal- eta hegazti-okelak, zerealak, elikagai proteaginosoak, azukrea edota eztia, besteak beste–. Zergatik dira, ordea, Europako nekazarientzat ezinezkoak preziook? Inportatzaile horien lehiakortasuna oinarritzen delako eskala handiko ekoizpenean, lurraren metaketan, deforestaziorik gordinenean, langileen esplotazioan eta pestiziden, ongarri kimikoen eta transgenikoen neurrigabeko erabileran, eta animalien ongizatea bermatuko ez duten lan-moldeak.

Agintari politikoen zurikeria ariketa lotsagarria da ispilu klausulei buruz edota mugetan neurriak hartzeaz –baita maila lokalean ere– hitz egitea, jakinda hori ezinezkoa dela aurreko esperientzietan egiaztatu izan dugunean –Kanada eta Japoniarekin egindako hitzarmenetan, kasu–. Are gutxiago, gainera, neurriok lotesleak ez badira. Beraz, argi ikusten dugu ispilu klausulak desmobilizaziorako eta engainurako tresnak baino ez direla. Nabarmenak izan dira horrelako hitzarmenek ekarri dituzten ondorio suntsigarriak, lehen sektorearentzat, ingurumenarentzat eta bertako ekonomientzat.

Egia da EB azkar ari dela atzean uzten bere betiko diskurtso berdea. Ultraeskuinaren presioa eta diskurtso militarista direla eta, hasi da bere benetako aurpegia erakusten, eta agroekologiaren bidean eta herritik lanean ari diren baserritar multzoaren desagerpena elikatzen ari da, orain, Mercosurrekin sinatutako hitzarmenarekin maskararik gabe.

Ondorioak, esan bezala, larriak izango dira han –Amazonasen edota Gran Chacoren deforestazioa, monolaborantzaren indartzea eta indigenen eta nekazarien lurren metaketa, kutsadura...– eta hemen –baserrien eta landa-eremuko herrietako sareen desagerpena, errelebo falta, elikadura katearen kontrolaren ezeztatzea...–.

Orain dela hilabete batzuk, Gipuzkoako baserritarrok hasi ginen geure burua antolatzen  sindikalgintza eredu berri bat ardatz hartuta, zeinek baserritar eta ekoizle txikien ahotsa lehenetsiko baitu.

Ahots sindikal berri honekin, jarraitu nahi dugu elikadura sistema alternatiboak eraikitzen ari gerenongan eragin negatiboa duten politiken kontra borrokatzen. Horregatik, bertako eta Europako administrazioei jakinarazi nahi diegu ez dela koherentea hemen baserritarrak desagertzen ari garela-eta negar egitea eta aldi berean lehia desleiala eta agroindustria babestea. Ezin dutela trantsizio berdearen erretolika zabaldu eta, bitartean, baliabide naturalak eta fosilen eredu harrapariak bultzatu. Alferrik amestuko dutela landa-eremu biziarekin, nekazaritza herrikoirik eta bide laburreko merkataritza izan ezean. Aldi berean, agintari politikoek jakin badakite berdintasunean oinarritutako jendarte batean ezin direla uztartu eliteentzako kalitatezko elikagaiak sustatzea eta bitartean herri xehearen aukera bakarra koste sozial handiko eta kutsatuta dauden elikagaiak jatea. Landa-eremuaren eta lehen sektorearen krisiak ez dira prozesu ausazkoak eta saihestezinak, baizik eta erabaki politiko zehatzen ondorioak, eta horren adibide garbia da Mercosurrekin merkataritza itun libre baten sinadura babestea.

Hori dela eta, BASERRITAR BILGUNEAk dei egiten die, baserritar eta ekoizle txikiez gain, elikadura burujabetza eta herriak bizirik nahi dituzten herritarrei EB-MERCOSUR hitzarmenaren kontra mobilizatzera.

Kelo Arribas

(Baserritar Bilgune-ko kidea)