Korrikak eragileren bat edo norbanakoren bat omentzen du edizio bakoitzean, eta aurten Errigorari egingo dio aitortza. "Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, euskalduntzean egin duen ahalegina aintzatesteko modua da, baita etorkizunera begira bultzada emateko hauspoa ere", azaldu dute Korrikako arduradunek.
Gogorarazi duten bezala, "ekimen herritarra da Errigora, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes ditu. Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonan eragiten du, bertako berezko elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz. Korrikak bezala, euskal herritar asko mobilizatzen ditu, eta lanean dihardu euskararen aldeko ekintzaileekin".
Bada, larunbatean, urtarrilaren 31n, izango da omenaldi ekitaldia, Durangoko Plateruenan, 13:30ean. Ondoren, bazkaria egingo dute Errigorako bazkideekin batera. Bazkarira joan nahi dutenek Internet bidez erosi dezakete txartela, esteka honetan. Bi menu egongo dira aukeran (arrunta eta barazkijalea), biak ala biak 10 euroan.