Urtarrilaren 23an hasi zen Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa, eta Urola eskualdean eta Tolosaldean jokatu zituzten lehenengo bi saioak: Zestoan bata, ostiralez, eta Berastegin bestea, larunbatez. Igandean, berriz, urtarrilaren 25ean, Astigarragan jokatu zuten Buruntzaldekoek beren Herriarteko lehen saioa. 57 talde daude guztira izena emanda, eta tartean badira Debabarrenekoak ere; hiru herritako lau talde: Mutrikuko Alkolea eta Arnoate, Soraluzeko BertSora eta Eibarko Xarmaginak. Hiru kanporaketa jokatuko dituzte eskualdean, finala kontuan hartuta: otsailaren 20an izango da lehenengo kanporaketa, Soraluzen, eta astebete geroago jokatuko dute bigarrena, Eibarren. Debabarreneko finala martxoaren 14an izango da, Mutrikuko Gaztetxean.
Auzolanean antolatzen dute Herriartekoa Gipuzkoako bertso mugimenduan parte hartzen duten kideek, eta taldekako txapelketa da. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da –1999an eta 2017an jokatu ziren besteak–, baina helburua estreinako urteko berbera izango du: bertsoaz gozaraztea, lehia eta jolasa uztartuta, eta eskualdean bertso eskolen arteko saretzea eragitea. Baina badu zeharkako beste helburu bat ere, antolatzaileek aurkezpenean nabarmendu zutena: plazetan kantatzeko aukera gutxi duten bertsolariei kanturako aukerak ematea. Eta, hain justu, horixe kantatu zuen bukaerako agurrean Zestoako Erralla taldeko Gorka Olaizolak, Azpeitiko Igerilari Artifiziala taldekoen kontra ostiralean herrian bertan jokatu zuten kanporaketan: "Bertsolaritza existitzen da / plaza handietatik kanpora".
Komunitate osoa, bat eginda
Lehenengo bi Herriartekoetan ikusi zen bezala, bertso komunitate osoa elkartzen du txapelketa honek: bertsolariak, epaileak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, bertsozaleak... eta denak bat eginda ari dira saioen antolakuntzan ere. Talde bakoitzak, hori bai, bost partaide ditu, gutxienez; horietako hiru-lau bertsolariak, kanturakoak. Nolanahi ere, gai-jartzaile eta epaile bana ere izan behar dute taldeek, eta ordezkari bat ere izendatua behar dute, komunikazio lanetarako eta bestelakoetarako. Guztira, beraz, 350 lagun arituko dira Gipuzkoan –22, Debabarrenean–, eta nabarmentzekoa da hori ere, aurtengo parte-hartze handia. Izan ere, aurreko Herriartekoetan 24 eta 38 taldek eman zuten izena, hurrenez hurren. Parte-hartzearen inguruan bada beste datu esanguratsu bat ere: 40 bertsolari lehen aldiz arituko direla oholtzan. Bereizgarri bi ere baditu, bestetik, Herriartekoak: batetik, belaunaldiartekotasuna, adin askotarikoak elkarrekin arituko direlako kantuan; eta, bestetik, emakume eta genero disidenteen parte-hartzea, aurten ahalegin berezia egin baitu Bertsozale Elkarteak haien parte-hartzea sustatzeko.
Lau fase guztira
Lau fasetan banatu dute Herriarteko Txapelketa: lehen fasea, bigarren fasea, finalaurrekoak eta finala, zeina maiatzaren 30ean jokatuko baituten, Aiako probalekuan, bertso-bazkari erraldoi baten formatuan. Gipuzkoako zortzi eskualdetan jokatuko dira faseak –Buruntzaldea, Urola, Urola Kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa–, eta bereziena, ziurrenik, lehenengo fase hau izango da; izan ere, eskualde bakoitzeko antolatzaileek eta talde bakoitzeko ordezkariek elkarlanean antolatu dituzte saioak, tokian tokiko eragileekin hartu-eman zuzenean. Guztira, 100 saio inguru jokatuko dira bi hilabete eta erdian Gipuzkoan. Fase horretatik zortzi talde garaile irtengo dira gero; eskualde bakoitzeko bat. Debabarreneko txapelduna zein talde izango den martxoaren 14an jakingo da, orduan jokatuko baitute eskualdeko finala, Mutrikun.
Bigarren fasean lau saio izango dira; lehen faseko zortzi talde irabazleek jokatuko dituzte saio horiek, eta lau sailkatuko dira finalaurreko saioetarako. Hain zuzen ere, bi saio jokatuko dira fase horretan, areto handiagoetan biak; finala, berriz, maiatzaren 30ean izango da, Aian.
Informazioa eta sarrerak
Gipuzkoako Herriartekoa jarraitu nahi duenak Bertsozale Elkartearen webgunean dauka informazio guztia, Gipuzkoa atalean, Herriartekoaren atarian. Era berean, baina, sare sozialetan ere emango dute informazioa, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilean. Bestalde, azken faseetarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke.
Eskualdeko lau taldeak eta kanporaketen egutegia
Hiru herritako ondorengo lau talde hauek lehiatuko dira Gipuzkoako Herriartekoan.
• Xarmaginak (Eibar): Irune Basagoiti, Araitz Katarain eta Jokin Bergara bertsolariak. Gai-jartzailea: Maialen Bergara. Epailea: Peru Alberdi.
• BertSora (Soraluze): Gaizka Azkarate, Arrate Gisasola, Amaia Palazuelos, Josune Aramendi eta Eneko Beretxinaga bertsolariak. Gai-jartzailea: Martin Azkarate. Epailea: Amaia Argarate.
• Alkolea (Mutriku): Iñigo Arrizabalaga, Peru Vidal eta Malen Aldalur bertsolariak. Gai-jartzailea: Unai Belaustegi. Epailea: Udane Mugerza
• Arnoate (Mutriku): Xabi Astigarraga, Alexander Idoeta, Bihotz Basterretxea eta Antton Aizpurua bertsolariak. Gai-jartzailea: Olatz Basterretxea. Epailea: Abel Irizar.
Hiru kanporaketa jokatuko dituzte Debabarrenean. Hauxe da egutegia.
- 1. Kanporaketa. Soraluzen, otsailaren 20an. Gaztetxean, 19:30ean. Xarmaginak eta Arnoate taldeak arituko dira kantuan.
- 2. Kanporaketa. Eibarren, otsailaren 27an. Deporren, 19:30ean. BertSora eta Alkolea taldeak arituko dira
- 3. Kanporaketa. Finala. Martxoaren 14an, Mutrikuko Gaztetxean, 20:00etan.