Fernando Valladares ekologoak hitzaldia emango du Kultur Elkartean

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 3a

Argazkia: Goiena

CSICeko ikertzailea ostegunean (otsailak 5) izango da Deban, Arbilek gonbidatuta; bezperan (otsailak4), Elgoibarko IMHn ariko da hizlari.

Fernando Valladares (Mar del Plata, Argentina, 1965) Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzaileak bi solasaldi egingo ditu datorren astean Debabarrenean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bihar (otsailak 4), 09:30ean, Elgoibarko IMH Campuseko Urruzuno gelan izango da; etzi (otsailak 5), berriz, Debako Kultur Elkartean, 11:00etan.

Elgoibarko saioa Zahar eta Gazte Elkarteak antolatu du, baina, azaldu dutenez, aurretiazko izen ematearekin aretoaren edukiera betetzea lortu dute dagoeneko. Eraikitzen ari garen mundua: ekologia, gizartea eta etorkizuna izenburupean Deban egingo den hitzordua, berriz, Arbil Elkarte Sozialak prestatu du, eta, iragarri dutenez, Valladaresek ekologiari lotutako funtsezko auziak jorratuko ditu bertan. Halaber, nabarmendu dute nazioarte mailan sona handiko zientzialaria dela, eta horregatik egin diotela gonbidapena. "Idazlea, ekologoa, Biologian doktorea, ikertzailea eta Madrilgo Juan Carlos Erregea Unibertsitateko irakaslea ere bada", gogorarazi dute.

Arbileko kideen esanetan, gonbidatuak gaur egungo ingurumen-erronkek gizartearekin duten harreman estua azalduko du, gaiaren inguruko "begirada kritikoa eta ezagutza zorrotza" eskainiz, baita gizarte gisa erantzukizunez jarduteko gakoak ere. Helburua, azaldu dutenez, herritarrak hausnarketara gonbidatzea da, "etorkizuneko belaunaldientzat jokoan dagoena ulertzea ezinbestekoa delako".

Hitzaldi gehiago

Arbileko ordezkariek aurreratu dutenez, datozen hilabeteetan beste hainbat solasaldi egingo dituzte: Martxoaren 5ean, Itsaso Marti-Carrera neuropediatra eta ikertzaileak bioetika izango du hizpide; eta maiatzaren 7an, migrazio mugimenduez arituko da Xabier Aierdi soziologoa.

Urriaren 15ean, nanoteknologiari buruzko saioa egingo du Pedro Miguel Etxenikek; azaroaren 5ean, berriz, EAEren Kontzertu Ekonomikoa landuko du Guillermo Dorronsorok; hitzaldi-zikloa abenduaren 3an itxiko dute, Gurutz Linazasoro neurologoaren solasaldiarekin.