Zapatuan, Soraboxek antolatutako boxeo jaialdiaren bigarren edizioa burutu zen Ermuan. Alex Barazal, Ander Araiztegi, Antton Izagirre eta Ander Redondo herritarrak igoko ziren ringera. Azken honen debuta izan zen arren, guztiek "debut" bezala bizi zuten gaua, Ermuan borrokatzen zuten lehen aldia zelako. Jokin Merino eibartarrak iaz estreinatu zuen Ermuko ringa eta aurten Ainara Torvisco herrikidea izan du lagun. Bertakoen borrokek ikusmina handia sortu zuten eta, aldez aurretiko sarrerak azkar batean agortu ziren bezala, berehala bukatu ziren leihatilan geratzen ziren azkenak. Senide, lagun ta boxe-zaleen artean, guztira 600 lagun inguru batu ziren kiroldegian, eta etxekoek haien berotasuna sentitu zuten gau osoan zehar. Eibartarren kasuan ere, pisaketa egin ostean pankarta eta bengalekin zituzten zain Tribuna kanpoan.

Ainara Torvisco eta Jokin Merino pankarta aurrean.
Hamar borroka jokatu ziren, neoprofesional bat eta bederatzi amateur. Horietako hiru emakumezkoenak izan ziren: Neskaboxeko Alazne Mancha eta ESBko Leyre Pascual, Neskaboxeko Ines Estevez eta Ivan Salcines eskolako Susana Lucas, eta Soraboxeko Ainara Torvisco eta Pura Vidako Nicole Alvarez. Etxeko taldeak (Neskabox eta Sorabox) ordezkatzen zituztenek lan bikaina egin zuten eta hiru borrokak irabazi zituzten. Gizonezkoen kasuan, Araiztegik bakarrik lortu zuen garaipena, Anoeta boxeo eskolako Hodei Galaren kontra. Main event-a Endikaren Arketa eta Soraboxeko Andoni Kortabarria "Korta" neoprofesionalek jokatu zuten, baina, irabazten ari zela, besaurreko zuntz-haustura batek jokoz kanpo utzi zuen Korta, eta Arketak jantzi zuen Euskadiko Txapelketako gerrikoa.

Endika Arketa eta Andoni Kortabarria ringean, borrokaldia lesioagatik bukatu berritan.
Sorabox eskolako Ixa Rodriguezek azaldu duenez, "pena da borroka gehiago irabazi ez izana", baina aldi berean, lehia guztiak "oso parekatuak" izan direla dio, eta hori da helburua: "Borrokak adosterako orduan, maila bereko boxeolariak bilatzen ditugu beti, ez dugu nahi etxekoen mesederako izango den aurkari 'erraz' bat bilatu, erronka bat izan behar du eta galtzeko arriskua hor egon behar da". Bestela, orokorrean jaialdia "ezin hobeto" atera dela dio, eta "duda barik" Ermuko jaialdiak hirugarren edizioa izango duela.