Santa Ageda Eskea 2026

Santa eskean irtengo dira gaur, bai Deban, bai Itziarren

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko otsailaren 4a

Santa Ageda eguna da bihar eta, ohitura zaharrei eutsi asmoz, gaur santa eskea egingo dute gurean ere. Eskolako haurrak ez ezik, helduak ere kalez kale ibiliko dira kopla kantari.  

Deban bi talde irtengo dira gaur (otsailak 4) santa eskean: batetik, Aitzuri abesbatzakoak; eta, bestetik, Luzaro ikastetxekoak. Aitzuri abesbatzakoak 19:30ean abiatuko dira, musika eskolatik, eta kalez kale ibiliko dira kantuan eta eskean, trikitilarien laguntzarekin. Batutako dirua Amigos Solidarios gobernuz kanpoko erakundearentzat izango dela aurreratu dute. Luzaro ikastetxekoak, berriz, goiz eta arratsalde ibiliko dira kantuan. Goizean LH-6ko ikasleak Eguneko Zentrora joango dira, musikariekin batera, Agedaren omenezko koplak kantatzera, eta arratsaldean, 15:00etan irtengo dira kalera LH osoko ikasleak. Hiru geldialdi egingo dituzte kanturako: Berasaluze plazan, Plaza Zaharrean eta Foruen Plazan.

Itziarren ere bi hitzordu izango dira gaurkoan. Lehenik, ikasleak irtengo dira kopla kantari, 15:30ean eskolatik abiatuta. Eta arratsalderako guraso, haur eta bertsolarien kalejira iragarri dute (18:00etan hasiko da). Beste urte batez, antolatzaileek baserritar jantziekin edota arropa ilunekin, txapelarekin, zapiarekin eta makilarekin agertzeko eskatu diete herritarrei.