Azken urteetan, Ermuko, Eibarko, Elgetako eta Zaldibarko herritarrek osatzen duten Zaldibar Argitu plataformaren jarduera moteldu egin da, eta Zaldibarko herritarrak dira aktiboen jarraitzen dutenak, "batez ere urteurrena gerturatzen denean", azaldu du taldeko kide Idoia Marinek. Aldi berean, martxan dagoen instrukzioan aurrerapausoak ematen badira, taldekideak aktibatu egiten dira, aldaketen jarraipena egiteko eta guztien artean erabakiak hartzeko, plataforma bera pertsonatuta baitago prozedura judizial horretan.
Auzi horrek ingurumenaren kontrako delituak aztertzen dihardu, eta 2020a ezkero darama instrukzio fasean, "etengabeko luzapenekin". Hala, 2025eko azaroan jakinarazi zen instrukzioa beste sei hilabete luzatuko zela, Bizkaiko Probintzia-Auzitegiaren aginduz, "gehiago ikertzeko aitzakiarekin", azaldu du Marinek: "76 hilabete beteko dira instrukzioa hasi zenetik, eta iruditzen zaigu gehiegizkoa dela. Eskatzen dugu prozesua behingoz amaitu dadila, eta zehaztu dezatela zeintzuk izan diren hondamendiaren arrazoiak eta nortzuk diren erantzuleak. Ikerketa horien emaitzak ikusi nahi ditugu, eta jakin nahi dugu zeintzuk izango diren ondorioak".
Plataformako kideek antzematen dute atzerapen horien atzean badagoela gaiak indarra galtzeko nahia. "Kontua baretzen joatea nahi dute, diluitzen, benetako arduradunak ahalik eta egoerarik onenean irten daitezen. Erantzule pribatuak berehala auzipetu zituzten, baina hemen ardura asko daude", zehaztu du Idoia Marinek. Haren arabera, auzi horretan hamahiru pertsona agertzen dira ikertu bezala, tartean Ingurumen Saileko teknikariak, "eta erantzukizun politikoak ere egon beharko lirateke".
Erantzule pribatuei dagokienez, Marinek gogoratu du zuhurtziagabekeriazko bi homizidio delituengatik egin zen epaiketak 21 hilabete iraun zuela, eta hura itxi egin zen Verter Recycling enpresako hiru pertsonari kartzela-zigorra jarri eta gero. Akusatuak ez ziren espetxera joan, Fiskaltzarekin eta familiekin akordioa egin baitzuten.
Lurralde antolamendua
Ingurumen delituak aztertzen diharduen prozesu horretatik beste auzi bat sortu zen 2024an, hirugarrena, lurralde antolamenduaren kontrako ustezko delituak aztertzen ari dena, hain zuzen ere. Plataforma ez dago pertsonatuta auzi horretan, baina azken egunotako gertaerek kideen aktibazioa bultzatu dute. Izan ere, aurretik aipatu bezala, elDiario.es-ek epaitegiko txostenaren zati batzuk filtratu zituen urtarrilaren 27an; zehazki, Ertzaintzak egindako ikerketen autoa.
"Auto hori 2019 eta 2023. urteen artean alkateorde izandako Juan Mari Uriarteren adierazpenetan oinarritzen da. Horren arabera, Arantza Baigorri alkate ohiari eta beste hiru langileri egozten diete Verter Recycling enpresaren mesedetan jokatu izana, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra jaso zutelako, baimenik gabe erabiltzen ari zen lur eremua erregularizatuz", azaldu du Marinek. "Horiek horrela, argitu beharko da ere zer erantzukizun daukaten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, haiek direlako plan horri oniritzia eman ziotenak 2020ko apirilean, Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatu Imanol Pradalesen bitartez".
Gainera, taldeak zabaldutako oharrean jasotzen denez, "harrigarria" iruditzen zaie Uriarte bera eta Jose Luis Maiztegi alkate ohia ikertu moduan ez agertzea, Uriartek berak zuzendu zuelako Udala eta, bereziki, Verter Recyclingekin harremanak izan zituelako zabortegia amildu aurretik eta ostean, taldekideen arabera.
Horrez gain, filtrazioak agerian jarri du ezbehar hari lotuta hogei delitu egon zirela, baina horietatik hamabost, 2015ekoak baino lehenagokoak direnez, preskribatuta daude, eta epaileak uko egin dio horiek ikertzeari. "Horrek erabat desitxuratzen du ikertzaileen testuingurua, lizentziak eta baimen guztiak 2015a baino lehen eman zirelako, eta iruditzen zaigu badagoela udal agintari batzuen ardurak ez ikertzeko asmoa. Izan ere, epaileak jarri dezake langa 2020an –hondamendia gertatu zenean– edo 2026an, eta, horren arabera, delitu batzuk preskribatuta egon daitezke eta beste batzuk ez".
Bestalde, filtrazioari berari dagokionez, plataformako kideek susmo txarrak dituzte: "Urteurrena hain gertu egonda, eta aste hauetan hainbat udaletan gertatzen ari dena ikusita, pentsatzen dugu filtrazio horrek arreta desbideratzeko asmo argia duela". Arreta desbideratzeaz gain, ikerketek beste norabide bat hartu dutela erakusten dute zabaldutako datu horiek, eta plataformako kideek berriro ere diote arreta jarri behar dela zabortegiaren tramitazioan izandako irregulartasunetan, Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeria ikuskaritzan, ustiaketan egindako irregulartasunetan eta amildu osteko kudeaketa ilunean.
Langileak gogoan
Otsailaren 8an, igandea, elkarretaratzea egingo dute Eitzagan, 12:30ean, Zaldibar Argitu plataformak deituta. Urtero bezala, ekitaldi "xumea" egingo dute, hondamendiaren ondorioz hildako bi langileak gogora ekartzeko – Joaquín Beltran eta Alberto Sololuze— eta erantzukizunak exijitzeko. Antolatzaileek adierazpen bat irakurriko dute, bertsolariz eta txalaparta-jotzailez lagunduta, eta lore-eskaintza izango da gero.
Iazko ekitaldian ehunka pertsona joan ziren bertara; tartean, hildako bi langileen senideak eta Zaldibarko alkate Eneritz Azpitarte. Gainera, Idoia Marinek berak testu bat irakurri zuen plataformaren izenean, ingurumenaren kontrako ustezko delitua aztertzen duen auzi hura bukatzeko eskaera jasotzen zuena.