Aratusteak-Inauteriak Debabarrenean

Gaurtik asteartera bitarte, kolorez, mozorroz eta festaz beteko dira kaleak

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko otsailaren 12a

Kaldereroei esker iritsi zen Inauteri giroa larunbatean, baina egitarauak aurrera jarraitzen du, bai Deban, bai Itziarren.

Inauterien iragarle bihurtu dira kaldereroen lapiko eta zartagin hotsak herri askotan; tartean, Deban. Joan den larunbatean egin zuten desfilea, seigarren urtez 2000. urtean jaia berreskuratu zutenetik, eta jendetza batu zen kantura eta dantzara, trapu zaharrak jantzita.

Mozorro festaren hasiera baino ez zen izan, ordea. Gaur, esate baterako, Musika Eskolako kideak kalejiran irtengo dira arratsaldean (17:00etan). Bihar, berriz, Banda Txikia ariko da, 17:00etan hasita, eta 18:00etan Tulun-tulun, danba! ekintza eta batukada izango dira Foruen plazan, Zuhatza-Kolore Anitzen eskutik.

Egun handia larunbatean, otsailak 14, ospatuko dute Deban. Txistularien kalejirarekin hasiko da jai giroa, 10:00etan, eta, ondoren, mozorro lehian eta desfilean parte hartzeko izen-ematea zabalduko dute Foruen plazan; 12:30ean Agirre jauregitik abiatuko da kalejira. 18:00etan, berriz, Ustekabe txaranga ibiliko da kalez kale eta 19:30ean lehiaketako sariak banatuko dituzte. Eguna amaitzeko, Gozategiren kontzertua izango da Foruen plazan, 20:00etan.

Asteartean amaituko da egitaraua, Gaztelekuaren Talent Showarekin –17:00etan, pilotalekuan– eta Arbil elkarteko kideen txokolate janarekin –18:00etan–.

Itziarren, bihar

Ekintza nagusiak bihar, otsailak 13, izango dira Itziarren, Lizarbe Guraso Elkartearen eta Burugorri Martxan-en ekimenez. 16:30erako merendola antolatu dute Zabalsoron. Ondoren, buruhandiak irtengo dira, eta 18:00etarako Mozorro Showa iragarri dute.