Esan da aitortzarako aurrerapausoak eman nahi direla; bide horretan, badago 2026rako ezarritako helbururik?
Datozen hilabeteetarako eta urteetarako gure erronkak honakoak dira: gure saretzean sakontzea, Euskal Herrian torturatua izan den oro babestuz; 12/2026 EAEko Legeaz eta Nafarroako 16/2019 Foru Legeaz baliatzea, modu sistematikoan aplikatu zaigun tortura modu ofizialean aitortzeko bidean; gure kontakizuna argitara ateratzea; eta, azkenik, elkarzaintza. Azken hori barrura begira egin da gehiago, baina oraindik zauri asko eta asko osatu gabe daude gure artean.
Tortura aitortza gehiago egiteko legezko epea zabaltzea ere eskatzen duzue.
Momentuz, Nafarroan 71 torturatuk jaso dute hango Gobernuaren aitortza ofiziala, eta epea 2027. urtera arte zabalik dago. Nafarroan esandako kopuru hori biderkatu egingo dela aurreikusten dugu. EAEn, berriz, 260 izan dira orain arte ofizialki aitortutako torturatuak. Baina hemen aitortza legea itxita dago, eta gure eskaera da lege edo epe berria zabaltzea. 12/2026 Legeak 1999ra arteko torturak aitortzeko epemuga zuen, eta gure aldarrikapenetako bat da epemuga hori 2014. urtera arte zabaltzea; ikerketek dokumentatuta duten azken kasura arte, alegia. Aitortutakoak baino torturatu gehiago daudela seguru gaude; milaka, esango genuke.
Zein ikerketatan oinarritzen zarete?
Nafarroako eta EAEko gobernuek, kriminologiaren Euskal Institutuaren bitartez, Paco Etxeberria auzitegiko medikua buru zela, txosten ofizialak aurkeztu zituzten, eta tortura modu sistematikoan erabili zela ondorioztatu zuten. Aitortutako tortura sistematiko horrek milaka euskal herritarri eragin die azken sei hamarkada hauetan. Oso latza izan da liburuan, berriz, Euskal Memoria Fundazioak 9.600 tortura-kasu baino gehiago daudela jasotzen du; horietako kasu asko eta asko, azaleratu eta dokumentatu gabeak. Gaur egun, Kriminologiaren Euskal Institutuak 5.394 tortura-kasu ditu egiaztatuta, eta jakitun dira gehiago izango garela.
Zein dira tortura pairatu duzuenon gaur egungo behar nagusiak?
Asko gara Euskal herrian tortura pairatu dugun pertsonak. Frankismoaren garai ilunetik kasik gaurdaino milaka izan gara giza eskubideen urraketa larri hori pairatu dugunok. Bakoitzaren beharrak eta egoerak oso ezberdinak direla agerikoa izanik, gure helburua guztientzako aitortzarako eta erreparaziorako bide kolektibo bat urratzea litzateke. Zaintza oinarri hartuta eta egin zigutena argitara ekartzeko ahalik eta gehien eraginez.
Iazko eratzeari begira egindako batzarrean, 700 torturaturekin elkartu zen sarea. Biharko topaketara horiek guztiak daude deituta?
Azken sei hamarkadetan tortura pairatu duten euskal herritar guztiak daude deituta; ez dugu inor kanpoan utziko. Askok eta askok oraindik ere torturatuak izan zirela ukatzen dute: "Ni ez ninduten horrenbeste torturatu, niri elektrodoak edo poltsa ez zidaten egin…". Badago sinisten duenik tortura psikologikoa ez dela tortura, edo biluzik jartzeak edota begiak estalirik edo iluntasunean egindako orduetako galdeketak ez direla tortura. Denak daude deituta.
Bi urteko ibilbidea egin du EHTSk; bide horretatik zer nabarmenduko zenuke?
Ehunka lagun torturaturekin egon gara, modu diskretuan harremana eginez, eta torturatuentzako bakarrik zuzenduak zeuden hamarnaka aurkezpen egin ditugu. Ariketa sakon bezain osasungarria izan da, kontziente garelako tortura pairatu dugunok barruan dugun minaz, baina baita min hori askatu eta horrekin zerbait egiteko dugun beharraz ere. Momentu oso hunkigarriak bizi izan ditugu prozesuan. Oraindik ez da gure lana edo nahia bukatu. Elkar zainduz eta elkarri entzunez, elkar ulertuz eta babestuz aurrera egitea da gure helburua. Euskal Herriko Torturatuen Sareko kide izatea hori ere badelako, elkar ulertzeko eta zaintzarako espazioa beste lagun torturatu batzuekin partekatzea. Oraindik argirik ikusi ez duen sufrimendu handia dugu herri honetan, eta sufrimendu hori azaleratzea, torturatuen bizirauleak garen heinean, sufrimendu hori aitortzea lortuko dugu elkarrekin.