Herritarrek oliba-olio birjina estra, ardoak eta arroz-, pasta-, lekale- eta kontserba-sortak eskatzeko aukera izango dute errigora.eus webgunean; betiere, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta.
Errigora Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da, Nafarroan euskara ofiziala ez den zonan eragin nahi duena; horretarako, eremu hartakoak diren elikagaiei Euskal Herrian zabaltzeko bidea egiten zaie. Udaberriko kanpaina, berriz, eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko sortu zuten, eta urte osorako beste jenero eskatzeko proposatzen diete herritarrei. Hala, olioa bost litroko bidoietan banatzen dute, eta kontserbak, hamabi ontziko sortetan.
Debabarreneko hainbat eragilek babestuko dute aurten ere Errigora ekimena. Auzolan horri esker, produktuak eskualdeko hainbat herritan jasotzeko aukera izango da oraingoan ere, baina aurrerago zehaztuko dute noiz eta non.
Hona hemen, Errigora sarea osatzen dutenek Durangon egindako lehenengo topaketako bideoa.