Debarroko bizilagunen %5,20k bakarrik ematen du odola, azken datuen arabera

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 21a

Odol emaileen elkarteko ordezkariak.

"Odol emaile berri konstanteak behar dira". Mezu hori helarazi eta azpimarratu nahi du Debarroko Odol Emaileen Elkarteak. Datuz jantzi dute baieztapena. Haien arabera, Debarroko bizilagunen %5,20 da odol emaile. Hamar herritako datuak hartu dituzte aintzat portzentaje hori eskuratzeko, Debarroko Odol Emaileen Elkartearen antolaketan oinarrituta: Antzuola, Bergara, Deba, Eibar, Elgeta, Elgoibar, Mendaro, Mutriku, Oñati eta Soraluze. 

Datu hori esku artean, "odol emaile finkoak" behar direla azpimarratu du Alaitz Zubiaurrek, Debabarreneko ordezkariak; urtean behin ematen badute ere, urtero emango dutenak. Zubiaurrek esan du belaunaldi arteko erreleboa ziurtatu behar dela, odol emaile ohikoak edadean aurrera baitoaz.

Eta, noski, emaile kopurua handitu egin behar dela ere adierazi du: "Lau herritarretik hiruk bizitzan noizbait odola beharko dute. Egunero dago odol beharra: minbizi-tratamenduetarako, istripuetarako, transplanteetarako… Horretarako, beharrezkoa da odol erreserbak izatea. Odola jasotzeko eskubidea denok badugu, ehuneko hori ez al genuke igo beharko denon artean? Odol ateratzeak herri guztietan egiten ditugu, askotariko maiztasunekin; joan arduradunengana, beldur gabe, eta animatu, bakarka, lagun artean, familian… Txandak erraz har daitezke, nahieran, Internetez, Gotatanta webgunean. Ez egon dei edo eskaera berezien zain; odol ateratzea dagoenean, joan, bidean inor gera ez dadin". 

Ildo horretan, esaterako, jakinarazi du azken urteotan Mendaron eta Elgoibarren behera egin dutela emaileek.

Odola emateko baldintzak

Odola 18-70 urte bitarteko herritarrek eman dezakete, 50 kilotik gora badute eta osasuntsu badaude. Emakumeek urtean hirutan eman dezakete eta gizonezkoek, lautan. Emate batetik bestera, gutxienez, bi hilabete pasatu behar dira. Halaber, odola eman aurretik, segurtasunagatik, bai emailearentzat zein jasotzailearentzat, osasun-elkarrizketa egiten dute lekuan bertan, eta emailearen tentsioa zein hemoglobina-maila neurtzen dute. 

OHARRA: Mutrikuko odol Emaileen Elkarteak boluntarioak behar ditu. Prest dagoenak bertako arduradun Reginarengana jo dezake.

Datuak herriz herri

Herria Ehunekoa
Antzuola %8,90
Bergara %6,69
Deba %7,57
Eibar %3,06
Ermua %4,08
Elgeta %5,73
Elgoibar %5,51
Mallabia %11,03
Mendaro %6,80
Mutriku %4,66
Oñati %6,04
Soraluze  %6,53