2020an argitaratu zenuen La sed de almas de Belial; sei urte geroago, saga ixten duen zazpigarren eta azken liburua argitaratu duzu. Eta bidean beste bi liburu ere idatzi dituzu. Zelan egiten da hori?
Irudimenarekin. Nik beti topatzen dut denbora, irakurtzeko zein idazteko. Eta denok topatzen dugu denbora nahi dugun horretarako. Luci-ren azken zatirako, pasatu nituen hamar ordu jarraian idazten, goizaldera arte. Eta liburua bera sei hilabetean idatzi dut. Irudimenean, buruan, ditut istorioak; krokisa egin eta gero idazten ditut liburuak.
Istorioak zelan datozkizu burura?
Izatez, oso behatzailea naiz. Gauzekin ohartzen naiz, eta istorio asko datozkit irudimenera. Adibidez, La sed de almas de Belial sagaren istoriorako inspirazioa Mutrikuko arbola batek eman zidan, pinuz inguratutako pago batek; berezia da, bat-batean ikusi nuen, lekuz kanpo balego bezala. La caja libururako istorioa, berriz, Santiago Camachoren podcast baten ondoren etorri zitzaidan. Kapaz naiz argazki bat ikusita istorio bat imajinatzeko. Horrez aparte, nire liburuetan gertakari historikoak ere azaltzen dira: Gasteizko Sakamantekas, Trasmoz, Puerto Urracoko hilketak, Otxate bizilagunak zituenean…
Idatzitako liburuetatik zein egin zaizu zailena eta zein errazena?
Zailena, akaso, La caja, hartu nuelako erronka moduan egunean kapitulu bat idatzi eta argitaratzea. Wattpad webgunean egin nuen hori. 35 egunez jarraian. Lanetik iritsi, eta kapitulua idatzi. Zaila izan zen. Baina, era berean, libururik errazena ere izan zen, 35 egunean hasi eta bukatu nuelako. Bestalde, zaila egin zaidana da zazpi liburuetan istorioari eustea. Eta benetan zailena da berrirakurketa egitean aldaketei, zuzenketei eta gehikuntzei amaiera ematea.
Eta gustagarriena?
Lehena, La sed de almas de Belial, harro sentitu nintzelako. Eta, akaso, ondoen ibili nintzen La oscuridad de Azazel idazten; ez nuen batere pisurik sentitu.
Zein saldu da ondoen?
Lehen liburua eta La caja. Azken horren kasuan, 1.500 bat irakurraldi izan zituen online, eta haren feedbacka ere polita izan zen. Gehien saltzen dut Amazonen, digitalean, eta Espainian. Hori bai, kuriositate gisa, AEBetan La sed de almas de Belial liburuaren kopuru polita saldu da. Irabazirik ez dut lortu, baina hori ez da nire helburua, idaztea baizik.
Luci azken liburua, sagako besteak bezala, Mutrikun hasten da?
Bai. Hango kaian. Sagako protagonistetako bat itsasora begira dago, eta ekaitza dator. Hondoan Kalbarioko ermita ikusten da. Horrela hasten da. Horixe da liburuaren azala.
Saga bukatuta, seguru baduzula beste proiekturen bat buruan…
Buruan daukat errelato motz bat, El Observador/El lector de rostros/El lector de miradas… halako zerbait. Istorioa izango da terraza batean eserita dagoen pertsona batek pasatzen ikusten dituen pertsonen aurpegietan euren iragana ikusten duela.
Institutuan hasi zinen idazten; dagoeneko egin duzu ibilbidea. Idazle moduan igarri duzu aldaketarik?
Bai. 2025eko azaroan eta abenduan idazleentzako bi tailerretan egon naiz Arrasaten. Horren ondoren, nire narratiba aldatu egin da. Lehen, irakurtzeko errazago egiten nituen liburuak; orain, hori ere egiten dut, baina nire narratiba helduagoa da. Tailerretara joaten segitzeko asmoa dut, eta interesatzen zaizkit irakurle klubak ere.