Makina erremintaren onena erakutsiko du BIEMHk Bilbon, gaurtik barikura

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 2a

Gaurtik barikura, Bilbao Exhibition Centre (BEC) Makina Erremintaren Nazioarteko Biurteko (BIEMH) azoka bilakatuko da. BECeko sei pabiloi beteko ditu 33. BIEMH azokak, mundu osoko 1.510 erakusketarirekin eta 3.386 produkturekin. Tartean izango dira Debabarreneko 30 enpresa inguru. Gaur, 12:00etan inauguratuko dute. 

BIEMHren 33. aldia da gaur abiatuko dutena, Carpe BIEMH leloarekin. Hark irekiko du fabrikazio aurreratuaren nazioarteko azoken 2026ko egutegia.

BECeko sei pabiloi beteko ditu azokak. Industria arloko esparru nagusien ordezkaritza sektorizatu osoa eskainiko du: harroketako makineria, erremintak eta osagarriak, soldadura, metrologia, osagaiak, deformazio-makineria, xafla- eta hodi-mozketa, eta gainazalen tratamendurako soluzioak. 

70 herrialde ingurutatik bertaratutako 1.510 erakusketari izango dira, 3.386 produkturekin; horietatik, 309 nobedadeak. Izango dira, batzuk aipatzearren, Asiatik bertaratuko direnak –Txina, Vietnam, India…–, Amerikatik –AEB, Kanada, Brasil…– zein Europako herrialde ugaritatik –Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Austria…–. 

Debabarreneko asko

Erakusketarien artean, presentzia nabarmena izango dute Debabarrenean makina-erremintan erreferente diren industriek. Makina-erremintaren Fabrikatzaileen Elkarteak (AFM)  helarazitako informazioaren arabera, eskualdeko 30 enpresa inguru daude azokarako erregistratuta –zerrenda, beheko taulan–. 

Askotariko eskaintza eramango dute: harroketa eta deformazio bidezko makina-erreminta, makina-erremintarako erremintak, manipulazioa eta errobotika, metrologia eta kalitate-kontrola, produkzio-sistemen automatizazioa, piezak, osagaiak, tailerrerako eta enpresetarako zerbitzuak eta abar. 

Azkenekoan 37.000 profesional

Noski, bisitariak ere asko espero dituzte. Azken deialdian, esaterako, 67 herrialdetako 37.000 profesional erakarri zituen azokak.

Bisitarien profilen artean, sektore estrategikoetako industria-enpresetako gerenteak, jabeak, zuzendariak eta sailetako arduradunak espero dituzte; aeronautikakoak, automoziokoak, robotikakoak, digitalizaziokoak, elektronikakoak, defentsakoak eta beste. 

Enplegu Foroa ere bai

Bestalde, industria eskaintzaren erakusleiho izateaz gainera, BIEMH azokaren testuinguruan WORKinn Talent Hub ere izango da BECen, "talentua bilatu eta erakartzeko beharra duten industria-sektoreko enpresei talentuarengana hurbiltzeko aukera baliatzeko helburuarekin". 

Aldebiko harremana lortu nahi dute: batetik, ikasleei aukera eman enplegua edo prestakuntza osagarria bilatzen hasteko eta, gero, lan-merkatuan txertatzeko; bestetik, BIEMH azokako enpresa erakusketariek aukera izango dute profil kualifikatu horiekin harremanetan jartzeko. WORKinnen ardatza Enplegu Foroa izango da, martxoaren 4an eta 5ean egingo dena. Bi egunotan enpresek harreman zuzena izango dute hautagai potentzialekin; eta enplegu bila ari direnek, berriz, zuzenean ezagutuko dute nola garatzen diren hautaketa-prozesuak eta nola hobetu dezaketen enplegagarritasuna.

Eta BIEMH azokak izango dituen bestelako jarduera ugarien artean, Innovation Workshop izenekoak nabarmendu dituzte. Esplikatu dutenez, hitzaldi horietan, robotikaren, automatizazioaren eta digitalizazioaren arloetako enpresa erakusketarien arduradunek standetan ikusgai dauden garapen teknologikoak aurkeztuko dituzte.

Saio horiei esker, bisitariek berrikuntza bakoitzaren funtzionaltasunetan, aplikazioetan eta abantailetan sakondu ahal izango dute, ezagutza teknikoa ingurune industrialetan duen aplikazio errealarekin konektatuz.

Gainera, programaren barruan, AFMk eta BECek antolatutako Innovation Awards by BIEMH sariak banatuko dituzte. Sariek industria-berrikuntzaren arloko proposamenik nabarmenenak aitortuko dituzte. Sei mailatan banatzen dira: makina-erreminta; osagaiak, osagarriak eta erremintak; fabrikazio aditiboa; manufacturing aurreratuko inguruneetako digitalizazioa eta automatizazioa; fabrikazio aurreratura bideratutako startup berritzaileena; eta inportatzaile batek aurkeztutako erakusketa-proposamen berritzaileena.

Debabarreneko industriak

 

ALTEYCO SYSTEM SL

GER MAQUINA-HERRAMIENTA SL

COMETEL SA

GURUTZPE TURNING SOLUTIONS SL

EGASCA SA

HERVEL ELECTROQUIMICA SL

TEKNIKER FUNDAZIOA

MACHINE TOOL ENGINEERING SA

GEMINIS LATHES SA

ORBIK CYBERSECURITY S. COOP

IDEKO S. COOP.

SERKIDE INTEGRAL SERVICES SL

INNOCUT SL

SMART PROCESS MANAGEMENT SL

JAZ ZUBIAURRE SA

BLUM-NOVOTEST IBERICA SL

MAKEGI SLU

ELESA-GANTER IBERICA SL

MOSNIC-IRUDEX

DANOBAT GROUP S. COOP.

PNEUMAX SA

JEAN RECUBRIMIENTOS

SAMYLABS

FERRETERIA UNCETA SA

TECNIFUELLE

METROLOGIA SARIKI SA

URKUNDE SA

 

Iturria: Makina Erremintaren Fabrikatzaileen Elkartea