Deba, Mutriku eta Zumaiako Turismo sailek irudi bateratu berria sortzea adostu dute turismo-kudeaketa Geoparkearenarekin lerrokatzeko helburuarekin. Erakundeen arabera, "lurraldearen nortasun partekatua indartzeko urrats estrategikoa" da egindako azken berrikuntza hori, eta erakunde horien balioekin "koherentea, ezaguna eta lerrokatua" den irudi bat sortzea du helburu.
Logotipo berriak udalerri bakoitzaren ezaugarriak islatzen dituela azaldu dute: "Deba turbidita horia kolorearekin bat dator, flyschari aipamena eginez; Mutriku marinel izaerari lotutako urdinarekin irudikatzen da; eta Zumaia, Algorriren kolorea gogorarazten duen laranja kolorearekin".
Nortasun partekatua
Leire Barriuso Astigarraga Geoparkeko gerentearen iritziz, markaren irudi berria "logotipo aldaketa bat baino askoz gehiago" da; "lurralde bakar baten nortasun partekatua eta Geoparkea eta bere udalen arteko lankidetza estua bisualki adierazteko modu bat da".
Halaber, nabarmendu duenez, irudi komun bat izateak "modu argiagoan eta kohesionatuagoan komunikatzea ahalbidetuko digu nor garen, zein balio defendatzen ditugun eta ondare geologikoaren babesarekin eta lurraldearen garapen iraunkorrarekin dugun konpromisoa zein den".
Marka berriarekin, gainera, Geoparkearen eta udalerrien "ikusgarritasuna hobetuko" da, eta komunikazio argiagoa eta sendoagoa erraztuko da, bai tokian-tokian, bai nazioartean ere. "Hemendik aurrera, logotipo berria pixkanaka aplikatuko da euskarri instituzionaletan, seinaletikan, turismo-materialetan, argitalpenetan eta kanal digitaletan", zehaztu dute.