Ostiral arratsaldean, martxoaren 6an, dantza eta musika izango dira protagonista. Izan ere, Debako Kulunka taldeko dantzariek emanaldia egingo dute Foruen Plazan, 18:00etan, eta haiei lekukoa hartuko diete beranduago Kalean Kantuzek (19:00etan) eta Aitzuri Abesbatzak (19:30ean). Gainera, Korrikaren materiala eskuratzeko salmenta postua ere jarriko dute plazan 19:00etatik aurrera.
Larunbatean, berriz, kirol lehia eta eskaintza gastronomikoa dakartza egitarauak Debara eta Itziarrera, hurrenez hurren. Goizean, Aldats pilotalekuak pala txapelketa mistoa hartuko du, Iruleak Emakume Pilotariak taldearen ekimenez; norgehiagoka 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta gaur da (martxoak 3) izena emateko azken eguna (685 75 50 74 telefono zenbakian). Iluntze partean, berriz, Errigora herri ekimenaren aurkezpena eta produktuen dastaketa egingo dute Itziarko Donibane Elkartean, 19:00etan.
Bertso afaria hilaren 13an
Egitarauak jarraipena izango du datorren astean. Besteak beste, bertso afaria iragarri dute martxoaren 13rako Debako Arrano Elkartean (21:30ean), Nerea Ibarzabal eta Aner Peritz bertsolariekin. Sarrerak Burugorrin, Ieraenean eta Zalburdin daude salgai, 30 euroan.