Ernairen Gazte Topagunearen aurkezpena, gaur, Mutrikun eta Deban

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 6a

Eskualdeko gazteak, azken Topagunean. Arg.: Ernai

Aurten Abadiñon egingo du Ernaik Gazte Topagunea, apirilaren 2tik 5era bitartean. Ekitaldia aurkezteko bi saio izango dira gaur arratsaldean eskualdean, bata Mutrikun (Zubixan, 18:30ean) eta bestea Deban (Arrano Elkartean, 20:00etan).

Ernai gazte antolakundeak Abadiño (Bizkaia) aukeratu du 2026ko Gazte Topagunearen kokaleku gisa. Ekitaldi nazionala apirilaren 2tik 5era egingo dute eta, beste urte batez, gazte independentistentzako topaketa, prestakuntza eta eztabaidarako espazioa eskainiko dute bertan. "Tailerrak, hitzaldiak, jarduera kulturalak eta gazteon elkargunerako guneak izango ditugu, egungo gazteon kezkak eta interesak modu kolektiboan lantzeko", aurreratu dute. Bonuak salgai daude jadanik, besteak beste, Internet bidez (labur.eus/gaztetpgn). 

Egitarauaren nondik norakoak eta Gazte Topagunearen dinamika xehetasunez azaltzeko helburuz, aurkezpen saioak antolatu ditu Debabarreneko Ernaik eskualdean. Saio horietan egitasmoaren funtzionamendua, antolaketa-eredua eta parte hartzeko moduak azalduko dituzte, eta, bide batez, bertaratzen direnen zalantzak argitzen saiatuko dira.

Bi aurkezpen izango dira gaur (martxoak 6), bata Mutrikun (Zubixan, 18:30ean) eta bestea Deban (Arrano Elkartean, 20:00etan). Saioetan parte hartzeko deia egin diete inguruko herrietako gazteei.