Artile bilketa doakoa izango da aurten eta saketan batuko dute

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko martxoaren 5a

Ardiak Muskiritzu mendilerroan.

Urtero egin ohi den artile bilketa kanpaina prest du Landaola elkarteak, Foru Aldundiarekin elkarlanean. Bilketa eskualdeka egingo da aurten ere, eta, Debabarrenean, Elgoibarren izango da uztailaren 2an. Aurten, baina, bilketa sistema aldatuko da eta artilea identifikatutako saka berezietan batuko dute. Aurten derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea, martxoaren 13a aurretik.  

Azken urteetan artzain eta baserritarrek tasa bat ordaindu behar izan dute artile bilketa zerbitzua erabiltzeagatik. Aurten zerbitzua doakoa izango da, baina, jasoko den artileak garbi eta siku egon beharko du. Izan ere, aurten, artilea konpostera bideratu ordez, Valladolideko Collantes herriko ehungintza enpresa batek hartuko du haria eta moketak egiteko eta ondorioz artile hori siku eta garbi batu behar dute saketan. 

Gainera, aurten, sakak pisatu egingo dituzte eta ziurtagiri bat banatuko dute. Kopuruei dagokionez, iaz, 6 tonara iritsi gabe, 2023ko datuetara bueltatuz, 10-11 tona jasotzea aurreikusten dute aurtengo ekinaldian.

Uztailaren 2an Elgoibarren

Bilketa, eskualdeka antolatu du Landaola elkarteak, hasi, Idiazabalen hasiko da, ekainaren 29an eta uztailaaren 2an Elgoibarrera ailegatuko da, IMH ikastetxearen azpialdeko apea gunera.  Ondorengo egunetan, Asteasun, Oiartzunen eta Berastegin bilduko dute artilea.

Debabarreneko Debemen landa garapeneko elkartetik jakinarazi dutenez, zakuak banatuko dituzte Debemenek Elgoibarko Albitxuri poligonoan duen lokalean baina hitzordua adosteko eurak jarriko dira harremanetan izena eman dutenekin.  

Izena eman behar da martxoaren 13rako

Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da kopuruaren zenbatekoaren berri emanez, martxoaren 13a bitartean. Izen-ematea Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena eta Landa Inguruneko Departamentuko Lurralde Oreka Berdea zerbitzuan zentralizatuko da.  Izen-ematea 943 112 173 telefono zenbakira deituta edo lurraldeoreka@gipuzkoa.eus helbidera idatzita.