Zaporeak elkarteak bultzatutako erronka solidarioak zortzigarren edizioa izango du, eta, aurtengo helburua aurreko urteetan bildutakoa gainditzea da, 25.000 kilora iristea da; hilabetez kozinatzeko behar dutena lortzeko, hain zuzen.
Kalean jarriko diren mahaietan, ikastetxeetan eta dendetan batuko dituzte jakiak, eta, zenbait kasutan, puntu bereziak ere jarriko dituzte bilketa indartzeko. Esaterako, Elgoibarko Udalak jakinarazi du martxoaren 12an, eguena, 08:30etik 13:30era, bilketa berezia egingo dela Aita Agirre plazan, Kultur Gunearen aurrean.
Diru ekarpena
Erronka solidarioa Eibarko Errebal plazan egingo den tuper solidarioarekin amaituko da, martxoaren 14an, larunbata. Bertan, zozketak egingo dira, eta eskualdeko artisten arte-lanak zein inguruko jatetxeetan afariak irabazteko aukera egongo da. Zaporeak elkarteak esan duenez, aurten tuper bakarra izango da: arroz oilaskoduna eta fruta ale bat, 5 euroan.
Horrez aparte, ekarpen ekonomikoak ere behar ditu ekimenak, batutako elikagaiak Lesbosera ailegarazteko. Kontainer bakoitza bidaltzea, gutxi gorabehera, 6.000 euro kostatzen da. Ekarpen ekonomikoak jasotzeko kontu-zenbakia honako hau da: ES53 2100 2724 8101 0066 3988.
Halaber, ekarpen ekonomikoak indartzeko, ekimenean parte hartu nahi duten enpresei "ondo funtzionatu duen proposamena" egin diete aurten ere, "langileei beren soldatatik 5 euro bideratzeko aukera ematea, enpresak kopuru hori bikoiztu dezan Zaporeakentzat".
Errefuxiatu-fluxu handia
Zaporeak elkarteko Josean Orueta Txorio-k esandakoaren arabera, errefuxiatu-fluxu handia dute Lesbosko kanpalekuetan. Gehienak afganiarrak, afrikarrak eta palestinarrak dira. Baina Ekialde Hurbilean pairatzen ari diren triskantzen ondorioz, siriarrak ere badaude, eta irandarrak ere iristen hasita daude. Asteotako egoera ikusita, gainera, pentsatzekoa da ugaritu egingo dela hara babes bila doan pertsona kopurua.
2.100 pertsona inguru
Oruetak jakinarazi du kanpalekuetan 2.100 pertsona inguru bizi direla, tartean, 500 bat ume, eta pertsona guztiendako otorduak prestatzen dituzte. Gaineratu duenez, ezkonduak urtebetez egoten dira; ezkondu bakoak eta Zaporeaken sukaldean lanean daudenak, berriz, hiru urtez; eta badago bat bederatzi urte daramatzana, sukaldean lanean, baina paper barik.
Gobernua, trabak jartzen
Oruetak gogora ekarri du kanpalekuak jendez gainezka daudela, eta bizi izaten ari diren baldintzak ezin gogorragoak direla, kanpalekuetan ez baitute apenas ezer eguneroko bizimoduari aurre egiteko. Zeresanik ez, eguraldiaren baldintzak okertzen badira; neguan, adibidez. "Gainera, Greziako Gobernua beti dabil trabak jartzen, eta jendea beldurrez bizi da, gehienek ez baitute paperik", esplikatu du Zaporeakeko kideak.
Orain, Gazara ere bai
Bestalde, hark jakinarazi du Gazako bizilagunendako elikagaiak ere hasi direla bidaltzen Zaporeak elkartetik. Abendu-urtarrilean bidali zuten lehen kontainerra, eta, Israelek geldi izan bazuen ere, GKE baten laguntzarekin lortu zuten hura sarraraztea. "Orain ere ari gara Gazarako gauzak apartatzen eta Donostian dugun biltegian gordetzen".
Non zer batuko den herriz herri
- Arroz luzea
- Ermuan
- Soraluzen
- Deban
- Garbantzu pedrosillanoa
- Elgoibarren
- Pardina-dilista
- Eibarren
- Makarroi-tutuak
- Mallabian
- Mendaron
- Arrain-kontserbak
- Mutrikun