Lehorrekoa izan arren, umetatik dauka harreman berezia Fernando Calvok itsasoarekin. Egun, txalupa bat dauka Mutrikun, eta sarritan irteten da ur handitara, itsasoko faunaz gozatzera. Izurdeen, baleen, marrazoen eta beste hainbat animaliaren bueltan ibilitakoa da, baina orkak falta zaizkio ikusteko. Orain dela hilabete batzuk, manta-arraiaren ugaltze momentua harrapatu zuten bete-betean, eta Kantauri itsasoan horrelako jazoera bat grabatua izan den estreinako aldia izan zen.
Azken bidaia azaroan egin duzu, Egiptora, Itsaso Gorrira. Nola joan da?
Oporraldia mundiala izan zen, baina azken txangoa egitera gindoazela auto-istripua eduki genuen, eta lesio handi batekin itzuli nintzen. Gauez urpean igeri egitera gindoazen, eta auto-gidariak ez zuen ikusi errepidean zegoen zulo bat. Sekulako kolpea hartu genuen, eta, besteak onik irten baziren ere, nik bizkarrezurrean hartu nuen min. Lehen diagnosia hango ospitale batean egin zidaten, eta, zorionez, utzi zidaten etxerako hegaldia hartzen. Hona iritsi eta zuzenean joan nintzen ospitalera. Poliki-poliki hobetzen noa; eskerrak...
Nondik datorkizu urpekaritzarako zaletasuna?
Ume-umetatik gustatzen zait niri itsasoa. Gogoratzen naiz 7 urte nituela Frantses eskolatik irten eta korrika etxera joaten nintzela, TVE2ko dokumentalak ikustera. Nire gustukoenak Jackes Cousteaurenak izaten ziren. Zortzigarren maila bukatu nuenean, ama konbentzitu nuen uretako betaurrekoak, tutua eta hegatsak erosteko, eta oraindik akordatzen naiz non erosi genituen ere! Eibarko Ereña arma-dendan; oso leku eskasa, baina, zalantzarik gabe, niretzako oparirik onena izan zen. Hondartzara joaten ginenean, gurasoek ez ninduten egun osoan ikusten; betaurrekoekin eta tutuarekin uretan egoten nintzen denbora guztian. 16 urte nituela, Eibarko Club Deportiboak urpekaritza ikastaroa antolatu zuen, eta aitari hura egiteko baimena eskatu eta eskatu jardun nuen. Adingabea nintzen, eta garai hartan aitaren baimena behar izaten zen horrelakoetarako. Kostatu zitzaidan konbentzitzea, harentzat ikastaro hark ez baitzuen ezertarako balio, baina, azkenean, eman zidan, eta ordutik ikastaro pila bat egin ditut. Gaur egun, Eibarko Club Deportiboko Urpekaritza Taldeko zuzendaritzako kide naiz. Orain dela zortzi bat urte, urpekaritza-instruktore titulua atera nuen, eta ikastaroak ematen ditut tarteka. Nire zaletasuna da, eta egiten dudan guztia irabazi-asmorik gabe egiten dut.
Urpekaritza mundu zabala da. Zer gustatzen zaizu gehien?
Niri eta Nerea Lazpiur nire bikotekideari gehien gustatzen zaiguna apnean igeri egitea da. Ahal dugun guztia oxigeno-botilarik gabe egiten dugu. Egunaren eta itsasoaren arabera desberdina izan daiteke egoera, baina baldintza onak daudenean pare bat minutu arnasarik hartu gabe egoteko gaitasuna daukat. Gure artean, Nereak dauka errekorra: 56 metroko sakonerara iritsi zen apnean. Ni 45era iritsi izan naiz. Jendeak txangoa mendira egiten duen moduan, guk itsasora egiten ditugu irteera guztiak gure bidaietan, eta ordu pila bat ematen ditugu uretan, apnea praktikatzen. Egiptoko azken bidaian ere lehenengo astea horretan pasatu genuen, eta bigarren astean oxigeno-botilekin ibili ginen. Gauez urpean igeri egitea ere asko gustatzen zaigu, eta gauez bai, botilarekin joaten gara. Ez dauka egunarekin zerikusirik. Gauez itsasoko harrapakari guztiak irteten dira, eta horiek ikustea izugarria izaten da.
Txalupa daukazu Mutrikun, eta sarri irteten zarete itsasoko faunaz gozatzera. Zer ikusi daiteke hemengo itsasoan?
Fauna oso aberatsa daukagu hemen. Duela pare bat urte, marrazo bila joaten hasi ginen, eta uste duzuna baino gehiagotan aurkitzen ditugu. Ez daude horren urrun; hamalau bat miliara aurkitu izan ditugu. Goizean goiz irteten gara, eta badago gune bat itsas hondoa mila metrora hondoratzen dena. Hor pilatzen da itsas azpiko bizitza gehiena, korronteen eraginez elikagai asko dagoen lekua delako. Baleak ere ikusten ditugu tarteka; iaz, esaterako, bale urdina ikusi genuen. Baina desberdina da; izan ere, baleak nahi dutenean agertzen dira. Marrazoak, ordea, bilatu egiten ditugu. Hegaluze-odola edo sardinen koipea botatzen dugu uretara, eta haren usainera etortzen dira. Filmetan modukoa izaten da: jana bota, eta handik gutxira hasten gara marrazo-hegalak gerturatzen ikusten. Oso zirraragarria izaten da; baina filmetan, jendeak hegalak ikusten dituenean ihes egiten du hondartzatik, eta gu, aldiz, une horretan uretara sartzen gara.
Ez al da arriskutsua marrazoen ondoan igeri egitea?
Nik beti esaten dut animaliei ezer egiten ez badiezu haiek ere ez dizutela ezer egingo. Agian, gehiegi fidatzen naiz, baina hala jokatzen dutela uste dut. Oso poliki sartu behar da uretan, marrazoak ez beldurtzeko: mugimendu motelak egin, konfiantza eman... Iaz, sei-zazpi marrazorekin igerian ibili ginen, eta bideo batean entzun egiten da marrazo batek kameran ematen didan kolpea ere. Esperientzia benetan zirraragarria izan zen. Orkak falta zaizkigu ikusteko, eta sekulako gogoa daukat.
Itsas faunaz gozatzeaz gain, irudiak jasotzea ere gustatzen zaizue.
Bai; sekulako irudiak ditugu. Gure lagun taldean Quique Talledo urpeko kameraria dago; Maite Erauskin eta Ana De Lara itsas biologoak ere lagunak ditugu, eta sarri etortzen dira gurekin; nire bikotekide Nerea Lazpiur ere itsasoko friki bat da; eta Iruñetik etortzen den beste bikote batek ere esperientzia handia dauka horretan. Gure Whatsapp taldearen izena Shark frikis da. Hori gustatzen zaigu, eta horretara irteten gara itsasora, faunaz gozatzera eta hura grabatzera. Beste lagun batzuk Japonian daude orain, eskiatzen; beste batzuk parapentean ibiltzera joan dira, Hegoafrikara; eta beste lagun bat Zeelanda Berrian dabil, bizikletaz. Lagun-talde frikia gara.
Marrazo bila irten zineten baten, sorpresa ere izan zenuten.
Bai; egun hura arraroa izan zen. Marrazo bila joan, eta ez genuen bat bera ere ikusi. Baina ez marrazorik, ez izurderik, ez bestelako arrainik ere. Egun hartan hegaztirik ere ez zebilen, eta, normalean, hegaztiak izan ohi dira uretan zeozer dagoela aditzera ematen dutenak. Portura itzultzea pentsatu genuen, baina ez geneukan presarik. Iraila zen, uda oraindik, eta eguraldi ederra egiten zuen. Itsasoa bare-bare zegoen, eta itzulera poliki egitea erabaki genuen. Hartan geundela, izurderen bat agertu zen, baina ohikoan baino gutxiago, eta, halako batean, Quique txalupa geratzeko esaten hasi zitzaidan, oihuka, arraia ozeaniar bat ikusi zuela eta. Ikusi izan ditugu horrelakoak tarteka, baina ez da oso ohikoa, arraiak itsas hondoan, lurraren kontra, ibili ohi direlako. Quique uretan sartu zen, eta konturatu zen ez zegoela arraia bat, hiru zeuden. Kamera hartu eta uretara sartu nintzen ni ere.
Eta grabatu zenutena historikoa zela jakin zenuten.
Hiru manta-arraia zeuden, bi ar eta eme bat. Bi arrak emea gorteatzeko zereginean ari ziren. Emearen hegaletara kateatzen ziren, bietako nork lortuko ote zuen lehian. Emea ere prestutasunez zegoela ikusten zen, eta ez zitzaien axola gu han egotea. Irudietan argi eta garbi ikusten da dena, eta bukaeran semena nola isurtzen den ere grabatu genuen. Berehala konturatu ginen irudi haiek zuten balioaz.
Ura garbi-garbi zegoen, egun argitsua zen eta bideoa oso ondo geratu zen. Gure lagun Maite Erauskin Aztiko biologoari bidali genizkion irudiak, eta esan zigun urrea geneukala grabatuta. Ez zabaltzeko inon eta ez bidaltzeko inori, informatu beharra zeukala ea aurrez horrelakorik jasota zegoen. Arakatu egin zuen, eta, uste zuen moduan, aurrez ez zegoen horrelako dokumentaziorik Kantauri itsasoan. Pare bat hilabete pasatu ziren artikulua eta informazioa ondo prestatu bitartean, eta hasi ginen gure kontaktuei deitzen. TVEko Aquí la tierra saiora jo genuen, eta baita ETBra ere, eta bietan egin ziguten erreportajea. Itsasoak egin digun oparia izan da manta-arraiaren ugaltzea grabatzea.
Leku askotan egin duzu urpekaritza. Zein da lekurik interesgarriena?
Kalifornia Beherea da gehien gustatzen zaidan lekua. Egipton ere ibili izan naiz, Itsaso Gorrian, eta baita Floridan, Bahametan... baina, horren urrun joan gabe ere, oso leku politak daude urpean igeri egiteko. Europako lekurik onena, nire ustez, Cabo de Palos da, Murtzian. Belaontzian joaten gara urtero, lagun batzuekin, eta Cabrerara. Itsasoa da nire bizitza.
Hiru itsas argi dokumentala grabatu zenuten. Konta egiguzu esperientzia hura.
Nereak, Xabi Urresti hondarribiarrak eta hirurok elkarte bat daukagu, Olatua, itsasoa eta natura izenekoa. Askotan bidaiatzen dugu elkarrekin, eta izan gara Floridan, Bahametan eta beste hainbat lekutan. Argazkilaria da, eta belaontzi bat dauka Balearretan. Dokumental bat egin behar genuela bururatu zitzaigun, eta horretarako baimen guztiak eskatzen hasi ginen. Burokrazia-lanetan ohituta dago Nerea, eta Ministerioak baimen guztiak eman zizkigun. Columbretes, Cabrera eta Cabo de Palosko itsasargietan grabatu genuen dokumentala. 50 bat urte bueltako hiru lagunen abentura kontatzen du, eta, horrekin batera, itsasoarekin lotura duten elkarrizketa interesgarriak jaso genituen. Arrantza Ministerioko idazkariari ere egin genion elkarrizketa! Eibarren aurkeztu genuen lana, Coliseoan, 400 lagunen aurrean. Sekulakoa izan zen. Gero, Donostiako lehiaketa batera aurkeztu ginen, eta zazpigarren geratu ginen. Ez genuen saririk eskuratu, baina zazpigarren geratzea ia irabaztea bezala izan zen.
Zer izan da urpekaritzan egin duzun gauzarik bitxiena?
Gauza asko egin izan ditut: iaz, esaterako, baimen berezi bat lortu genuen izokinak ikustera joateko Bidasoa ibaira. Ez nuen uste ezer aurkituko genuenik, baina lagunak baietz esaten zidan, ikusiko genituela, eta hala izan zen. Sekulako izokin basatiak grabatu genituen.
Argi geratu da itsasoa maite duzula. Zer dira zuretzat arrainak?
Beste jende asko bezala, ni ere kontraesanez beteta bizi naiz. Natura maite dut, arrainak izugarri gustatzen zaizkit ikusteko, baina jan ere egiten ditut. Profesionalki janari-banatzailea naiz, eta saltzen ditut ostrak, hegaluzea... Tarteka, arrantzara ere joaten naiz: txipiroiak, berdelak... etxerako arrantzatzen dugu. Mendira joatea ere gustatzen zait, baina itsasoak zoratu egiten nau.
Izan al duzu sekula sustorik itsasoan?
Floridan marrazo batzuk oldartu zitzaizkigun apur bat, eta baita Bahametan ere, baina esperientzia txarrena dokumentala grabatzen ari ginela izan nuen, Formenteran: salbera batek bizkarrean ziztatu ninduen. Barku azpian zegoela ikusi nuen. Hegatsak eta betaurrekoak hartu, eta neoprenorik gabe gerturatu nintzen harengana. Grabatzen hasi nintzenean atera zituen eztenak; hura izan zen abisua. Bizkarrean sartu zizkidan. Oso pozoitsua da, eta 24 orduz sekulako minez egon nintzen. Erizain bat geneukan ontzian, eta botika pila bat eman zizkidan, baina, hala ere, ia bi egun erdi zorabiatuta pasatu nituen. Medusek ere askotan ziztatzen gaituzte.


