‘Argia’-k frogatu du "euskararen kontrako talde antolatu batek" egin zuela Errenteriako Udalaren lan deialdiaren kontra

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 10a

“Errenteriako Udalaren lan deialdia euskararen aurkako talde antolatu batek sabotatu du”. Izenburu horrekin eman du albistea Argia-k.

Errenteriako Udalak joan zen astean eten zuen lan deialdi baten inguruan osatu dute Nor dago oldarraldiaren atzean? erreportajea Argia-ko kazetariek. 25 administrari lanpostu betetzeko Lan Eskaintza Publikoko deialdia zen Udalak egin zuena, eta C1 euskara maila ezarri zuen lanpostu horiek guztietarako. Joan zen astean, baina, deialdia eteteko erabakia hartu zuela jakinarazi zuen Udalak. Arrazoia: herritar batek euskara eskakizunen kontrako helegitea aurkeztu zuela.

Bada, Argia-k egiaztatu du whatsapp bidez funtzionatzen duen “talde antolatu bat” dagoela horren guztiaren atzean, eta helegitea jarri zuen pertsona, talde horretako kidea bera, “Osakidetza barnean antolatutako Unidas Por la Libertad Lingüística plataformako kidea” dela, Argia-ren esanetan, Maria Isabel Veiras Nogueira.

Talde horren egiteko moduaren berri eman du aldizkariak, audio eta whatsapp kanalari berari egindako argazkiak emanda. Audioen bidez erakutsi dute helegitea jarri zuenak ez zuela izatez deialdira aurkezteko asmorik, eta Errenteriako Udalaren lan deialdia atzera botatzeko bakarrik hasi zuela auzibidea.

Albiste osoa irakurtzeko: Argia