Ina Iriondo musikari mendaroarraren proiektua da sortzez Maraca Diablo, Anita Perez bikotekidearekin batera 2003an sortutako Munlet proiektuarekin paraleloan ibili duena, eta bi disko ditu bakarka emanda: Hail Zigurat! (2012, Screaminguy Records) eta El Regreso del niño (2019, Screaminguy Records). Pandemian, Josu Iriondo (basua), Asier Etxaniz (gitarra eta ahotsa), Anita Perez (ahotsa eta sintetizadorea) eta Rafa Furnierrekin (bateria eta perkusioa) elkartu eta taldearen izen bereko diskoa eman zuten argitara: Maraca Diablo.
Eta orain lau lagun horien eta seme Eneko Iriondoren laguntzarekin ondu du Iriondok Txaskario diskoa.
Diskoko letra gehienak Ina Iriondo berarenak dira. Anita Perezek sortutakoa da Y volar, Alaitz Vivesek idatzitakoa da Esan baietz eta Estepan Urkiaga Lauaxeta olerkariaren (Laukiz, 1905 - Gasteiz, 1937) poema batean oinarritutakoa da Artzain baten erijotzean. Kantu guztiak Mendaroko El Cubo estudioan grabatu dituzte 2024tik 2025era bitartean, eta diskoko azala eta diseinu grafikoa Charlee Mitorenak dira. Diskoan badira bi kantu Angel Bazterretxea Mendaroko abade izandakoaren omenez sortuak. Haretxi sor dio diskoak izenburua ere, maiz erabiltzen zuen berba zelako Txaskario. Bazterretxeari eskainitako Txaskario I eta Txaskario II kantuak Herrigintzan hauspo eta akuilu dokumentaleko soinu-bandaren parte izan ziren. Anjel Bazterretxea Mendaroko abadeak (Mutriku, 1936-Mendaro, 2019) herrigintzan egindako lan eskergari balioa emateko ekoitzi zuen dokumentala Elgoibarko Izarrak 2023an, Mendaroko Udalaren laguntzarekin.
Diskoa Mendaroko Morroskillo dendan eskuratu daiteke, bai eta Bandcampen ere, eta plataforma guztietan dago entzungai.
Hona hemen, diskoaren aurrerapen kantua izan den 'Lore ederrena'.