Frontenis Txapelketa Mistoak sei urte bete eta 1.000 euro banatuko ditu saritan

Ander Gomez 2026ko martxoaren 14a

Debabarreneko herri desberdinetako jokalariek hartu dute parte 2020an jokatutako lehen ediziotik. Argazkia: AD Mallabia FT.

Datorren zapatuan jokatuko da Mallabiko Frontenis Txapelketa Mistoa: kategoria orokorra alde batetik, eta Deba Bailarako, Durangaldeko eta Lea-Artibaiko jokalarientzat sortutako eskualdeko ligaxka bestetik. Astelehena izango da izena emateko azken eguna.

Bertan da eskualdeko zein lekutako frontenis jokalariak Mallabira ekartzen dituen urteroko hitzordua. Gizonezkoen txapelketarekin itxi zuen urtea AD Mallabia FTk, eta emakumezkoen lehiarekin eman ohi diote ongietorria uda sasoiari. Urteko lehenengoan, ordea, nahastuta jokatzen dute, modalitate mistoan. Aurtengoa seigarren edizioa izango da eta datorren astean jokatuko da, martxoaren 21ean, zapatua. 

Momentuz, hamaika bikotek eman dute izena, eta gehienak kanpokoak dira: lau Euskal Herrikoak dira –horietako bat nafarra–, eta gainontzeko bikoteak Estatuko hainbat txokotatik etorritako jokalariek osatuko dituzte –Errioxa, Burgos, Leon, Zaragoza, Soria, Valladolid…–. Oraindik, beste hamahiru plaza geratzen dira txapelketaren kupoa betetzeko.

Txapeldunak eman eta erakarri

2020an egin zen lehen edizioa, eta Errioxatik eta Burgostik etorritako Lorena Barron eta Jony Serna izan ziren garaile. Pandemiaren ondorioz, urtebeteko etenaldia izan zuen txapelketak, eta 2022an bueltatu zen; orduan, Andrea Arnaiz zaragozarrak eta Adrian Viribay errioxarrak irabazi zuten. 2023an, Salamancatik etorritako Andrea Campok eta Mikel Fernandezek irabazi zuten txapela, eta 2024an bertako bikote batek irabazi zuen lehen aldiz: Leire Dueñas eta Endika Romero abadiñarrek. Iaz, lehen txapelketan garaile izandako Barron-Serna bikotea Mallabira bueltatu eta bere nagusitasuna berretsi zuen, bigarren txapela lortuta.


Jony Serna (Burgos) eta Lorena Barron (Errioxa), 2025eko txapela jasotzen.

AD Mallabia FTk nabarmendu duenez, frontenis maratoi horrek txapeldun ugari eman ditu, baina beste asko erakarri ere bai: "Espainiako txapeldun izandako jokalariek hartu dute parte; besteak beste, Maialen Bilbao, Ana Garcia, Miriam Ruiz eta Lorena Barron".

Denentzako sariak

Ohi bezala, bi kategoria egongo dira: orokorra eta eskualdekoa –Deba Bailarako, Durangaldeko eta Lea-Artibaiko jokalariei mugatua–. Azken hori "zonako bikoteen parte-hartzea sustatzeko" gehitu zela diote, "eta gutxienez sari bat ziurtatuta dute". Sari hori 100 eurokoa izango da, baina bikote irabazleak kategoria orokorrean parte hartu eta hiru sarietako bat irabaziz gero, laugarren bikoteari emango zaio. Kategoria nagusiko irabazleek txapela eta 400 euro jasoko dituzte; bigarren eta hirugarren egiten dutenek, berriz, garaikurra eta 300 eta 200 euro, hurrenez hurren. 

Dena den, galtzaileak ere irabazle aterako dira Mallabia I. pilotalekutik: hain zuzen ere, "guztien presentzia eskertu eta saritu" nahi dute; horregatik, parte-hartzaile guztiek oparitxoa jasoko dute sari banaketan.

Inskribatzeko azken aukera

Izena emateko epea astelehenean itxiko dute, martxoaren 16an. Gehienez, 24 bikotek hartu ahal izango dute parte; beraz, "lehenbailehen izena ematera" animatu dituzte eskualdeko frontenis-zaleak. Sare sozialen bitartez edo 669 02 87 18 telefonora idatzita eman dezakete izena. Inskripzioaren prezioa 24 eurokoa da bikote bakoitzeko, eta 12 eurokoa AD Mallabia FTren bazkideentzat.