Gelatik Plazara sariketako kanporaketa bat jokatuko dute Elgoibarren bihar

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 25a

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak probintziako bertso eskolekin elkarlanean antolatzen duen sariketa da Gelatik Plazara, eta aurtengoa sariketa horren laugarren edizioa da. 

DBHko bertso-eskoletako ikasleei bideratuta dagoen ekimena da Gelatik Plazara. Ikasleek bertsoarekin gozatzeko gune bat izatea du helburu, eta jendaurrean trebatzeko aukera eskainiko dien aisialdiko ekimena da. Eskolarteko txapelketara iritsi aurretik zubi lana egiteko ere baliagarria da egitasmoa.

Saioak aurkezteaz zein gaztetxoen lana epaitzeaz bertso eskoletako irakasleak arduratzen dira. Sariketa hau bi maila ezberdinetan bereizten da: LH maila eta DBH maila. DBH mailari dagokionez, bost kanporaketa egingo dituzte martxoaren 16an eta 26an: martxoaren 16an, Aizarnazabalen, Oiartzunen eta Hernanin; eta martxoaren 26an, berriz, Villabonan eta Elgoibarren.

Elgoibarko kanporaketa

Elgoibarko kanporaketa, beraz, bihar, osteguna izango da, 18:30ean, Kalebarren plazan dagoen Kultur Etxeko Hitzaldi gelan, eta bertan parte hartuko dute Elgoibarko, Mendaroko, Soraluzeko eta Oñatiko bertso eskoletan parte hartzen duten DBHko ikasleek, 2-4 lagunez osatutako taldeetan baturik.

Talde irabazlea apirilaren 24an, Azpeitian, egingo den finalean izango da.

Lotura duten albisteak: