Itziarko eta Debako herritarrek harrera beroa egin diote 24. Korrikari. Eguerditik aurrera izandako eguraldi kaskarrak ez du asko lagundu giroa berotzen, baina lasterketa herrikoia inguruotara iristen ari zen heinean hasi dira kaleak jendez betetzen. Euskara gara leloak ehunka parte-hartzaile batu ditu.
18:10 inguruan iritsi da lekukoa Elorriaga auzora, eta ordu eta erdian egin du handik Mutrikura arteko bidea, tartean Debako herrigunetik igarota. Jende ugarik saltaka egin du bat ekimenarekin, eta beste hainbestek espaloietatik edo bide ertzetatik jarraitu dute korrikaldia.
Guztira, 35 eragilek hartu dute aurten Korrikaren lekukoa Deban eta Itziarren, 1857. eta 1871. kilometroen artean; pausoz pauso, eskuz esku igaro da lekukoa, euskararen aldeko aldarria ozen zabalduz, etenik gabe.