Hirugarren edizioa du aurten Debabarrena Gourmet ekimen gastronomikoak. Apirilaren 10etik 30era arte, eskualdeko zazpi jatetxek gourmet dastatze-menuak emango dituzte, 65 euroren truke. Jatetxe bakoitzak bere menua diseinatu du dagoeneko, eta oraintsu aurkeztu dute eskaintza osoa. Ireki dute, gainera, erreserbak egiteko epea.
Eibarko Baratze Gourmet, Elgoibarko Belaustegi, Debako Hiru Bistro eta Urgain, Mutrikuko Pikua, Mallabiko Trabakua Behekoa eta Itziarko Salegi dira aurtengo egitasmoan parte hartuko duten jatetxeak. Eta honako hauek dira, hurrenez hurren, oraingo honetan jatetxe bakoitzeko menu berezia prestatuko duten sukaldariak: Unai Altuna, Josu Mugerza, Geaxi Uribarri, Nestor Pañuni, Luis Angel Alburquerque, Tasio Fernandez eta Imanol Mugerza. Zazpi partaide dira guztira, eta zazpi dira, halaber, menu bakoitzean eskainiko dituzten platerak: aperitiboa, hasierako bi plater, bi plater nagusi –arraina eta haragia– eta bi postre, hain zuzen. Ogia, kafea eta edaria ere sartzen dira menuan, eta aurten Arabako Errioxako Valdelana Upategiaren Eder de Valdelana ardo zuria eta gorria izango dira aukeran.
Proposamen guztiak debabarrenaturismo.com webgunean daude ikusgai. Otorduez gozatu nahi dutenek jatetxera bertara aurrez deituz egin beharko dute erreserba, Debabarrena Gourmet menua dastatu nahi dutela jakinaraziz.
Helburuak
Debabarrena Turismok antolatzen du egitasmoa, Debabarreneko Klub Gastronomikoa osatzen duten sukaldariekin elkarlanean. Eta, gogorarazi dutenez, hasierako balioei eta helburuei eusten diete sustatzaileek. Bada, sukaldarien eta bertako produktuen balioa nabarmendu nahi du Debabarrena Gourmet-ek, eta, bide batez, plater bakoitzaren sorkuntza-prozesua ezagutarazi ere bai. "Hirugarren edizio honetan ere gure sukaldarien talentua nabarmentzen eta eskualdeko gastronomia aberatsa erakusten jarraitu nahi dugu", nabarmendu du Aitziber Cortazarrek, Debegesako Garapen Jasangarriko eta Turismo Saileko arduradunak.
Horren harira, eta, esperientzia gastronomikoaz harago, ekimena Debabarrena ezagutzeko eta bertan egun batzuk igarotzeko eskaintza osagarri gisa aurkeztu dute, eta, besteak beste, bisita gidatuekin eta inguruak ezagutzeko ibilaldiekin uztartzeko aukera dagoela gogorarazi.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadi Gastronomikaren babesa ere badu "gastronomia eta turismo esperientzialaren zaleentzat ezinbesteko proposamen" bihurtu den egitasmoak.
Zozketa
Aurten, berrikuntza gisa, Debabarrena Turismoren eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen arteko lankidetzari esker, Debabarrena Gourmet menua dastatzen dutenen artean zozketa berezi bat egingo dute: bi pertsonentzako 20 ardo-dastatze eta bi pertsonentzako 5 bisita gidatu Euskal Kostaldeko Geoparkera (2026ko urria baino lehen erabiltzeko).